Emakumeek historian zehar izan duten presentzia, ezaugarriak eta garrantzia jorratu behar dira. Ekainaren 15erako aurkeztu behar da proiektua. Bekak 10.000 euroko diru hornidura dauka
Ataungo Udalak Joxemartin Apalategi Bekaren deialdia egin du, ikerketa historiko-soziologikorako, antropologo ataundar zenaren omenez. Ataungo emakumeak jarri du gaitzat, eta andreek Ataungo gizartean eta historian izan duten «presentzia, ezaugarriak eta garrantzia» hartu behar da ikerketaren ardatz.
Ikerketaren helburua emakumearen inguruko ezagutza eta errekonozimendua egitea da. Emakume bat har liteke ikergai, edo emakume talde bat.
Bestetik, Joxemartin Apalategiren ikerlana ezagutarazi, herriratu eta ikertzaileei «bide berriak egiten lagundu» nahi die bekak. «Bere lana oparoa izan arren, herrian ez da hain ezaguna izan. Udalak eta familiak hitzarmena sinatu zuten, eta Apalategiren ondarea udalaren esku utzi zuten 2015ean, «berreskuratzea eta sozializatzea helburu».
Proiektuak aurkezteko epea ekainaren 15era artekoa da. Ataungo udaletxean. Beka 10.000 eurokoa da, eta 12 hilabeteko epea dago.
Antropologoa eta irakaslea
Joxemartin Apalategi Begiristain Ataun San Gregorion jaio zen, 1949an. Humanitateak eta Filosofia Donostiako apaizgaitegian ikasi, (1961-69), eta Paris VIII Unibertsitatean Soziologian lizentziatu zen (1972). Filosofian ere lizentziatu zen, Valentzian.
EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean irakasle izan zen, 1978tik hil arte, 2006ko otsailaren 8an, Bilbon. 1984an, Antropologia Kulturalaren adarretik doktoratu zen. Paueko Unibertsitatean, Euskal Etnologiako eta Soziologiako irakasle gonbidatu aritu zen.
Antropologia lanak Herri Irratian eta
Argia astekarian hedatu zituen. Krimologiaren Euskal Institutuko kide zen, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde kargua bete zuen 1991tik 1993ra.
Goierrin, Barandiaran Fundazioaren zientzia batzordeko kide aritu zen lanean, eta Lazkaoko Gerriko ikerlan bekaren zuzendari zientfikoa izan zen, urtetan.
Bekaren oinarriak
· Xedea. Historian zehar, Ataunen emakumearen presentzia, ezaugarriak eta garrantzia. Batena edo emakume talde batena.
· Diziplina. Edozein. Multidiziplinarra ere izan daiteke.
· Nork. Norbanakoak edo taldean egin dezake
· Proiektua. 15 orri gehienez. Ekainaren 15erako entregatu, udaletxean (09:00-14:00, astearteetan 17:00-19:00 ere bai).
· Ikerlana. 100 orri gutxienez.
· Dirua. 10.000 euro, hiru zatitan.
· Epea. 12 hilabete, lana emateko.
· Hizkuntza. Euskaraz.
· Epaimahaia. Bi udal ordezkari, familiako bi, herriko bi aditu.