400 txirrindulari baino gehiagok parte hartuko dute BTT Maratoian
Bihar Urola Garaia BTT Maratoiaren seigarren edizioa egingo dute. 400 txirrindulari baino gehiago elkartuko dira Urretxu eta Zumarragan. Betiko moduan, bi ibilbide izango dituzte aukeran. Batak 40 kilometroko luzera eta
Bihar Urola Garaia BTT Maratoiaren seigarren edizioa egingo dute. 400 txirrindulari baino gehiago elkartuko dira Urretxu eta Zumarragan.
Betiko moduan, bi ibilbide izango dituzte aukeran. Batak 40 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela du eta besteak 80 kilometroko luzera eta 3.200 metroko desnibela. Ibilbide motzekoek Korosti eta Irimo mendiak igoko dituzte. Ibilbide luzekoak Izazpi eta Belokitik ere pasako dira.
Txirrindulariak 08:30ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Irten aurretik gosaria emango diete eta ibilbidean anoa-postuak egongo dira: Korosti, Izazpi, Aizpurutxo eta Pagotxetan. Helmugan ere indarrak berritzeko aukera edukiko dute.
Gainera, antolatzaileek aparkalekuak, dutxak eta bizikletak garbitzeko postuak jarriko dituzte parte hartzaileen eskura. Txirrindulariek lizeoan eta Matxinportan aparkatu ahal izango dituzte beraien autoak eta bi herrietako kiroldegietan dutxatu ahal izango dira.
Denborak hartuko dituzte
Aurten denborak hartuko dituzte. Horretarako, dortsalek mikrotxipa edukiko dute. 400 txirrindularik baino gehiagok eman dute izena eta horien artean distantzia luzeko probetan primeran moldatzen diren batzuk daude. Joseba Albizu azpeitiarra, adibidez.
Proba motzeko lehen txirrindularia 11:30a aldera helduko da Areizaga-Kalebarren plazara. Proba luzeko lehenengoa, berriz, 13:45a aldera sartuko da helmugan. Azkenak 19:00ak aldera iritsiko dira.
Proba hau, egutegiko gogorrenetakoa, Goierri kirol elkartearen mendiko bizikleta sailak antolatzen du. Antolatzaileek Urretxuko eta Zumarragako udalen eta bi herrietako denda eta enpresen laguntza dute.