Eitzako jaiak ospatuko dituzte gaurtik asteartera bitartean
Gaurtik asteartera bitartean San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitza auzoan. Aurreko asteburuan, urteroko moduan, hainbat ekitaldi egon ziren giroa berotzeko. Larunbatean mus txapelketa jokatu zuten. 31 bikotek parte hartu
Gaurtik asteartera bitartean San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitza auzoan. Aurreko asteburuan, urteroko moduan, hainbat ekitaldi egon ziren giroa berotzeko.
Larunbatean mus txapelketa jokatu zuten. 31 bikotek parte hartu zuten eta Salegi eta Imaz nagusitu ziren. Igandean, berriz, bigarren eskuko azoka egin zuten. Hamabi postu jarri zituzten. Asteartean, Mikel Rodriguezek eta Josema Azpeitiak gidatutako sagardo dastaketa egon zen.
Asteburu honetako ekitaldiei dagokienez, gaur, 18:00etan, haurrentzako jolasak eta txokolatada egongo dira ermitan. 19:00etan pregoia irakurriko dute eta Jai batzordeak kantina mexikarra irekiko du. 19:30ean buruhandiak eta trikipoteoa egongo dira. Andoni Oruesagastik eta Uxue Kerejetak joko dute. Gainera, sardina (edo txistorra) eta sagardoa dastatu ahal izango dira euro baten truke.
21:30ean afaria egingo dute, Aitor Sarriegi eta German Urteaga bertsolari beasaindarrekin. Gauerditik aurrera DJ Jaliskorekin dantza egingo dute.
Bihar, 11:30etik 13:30era, haur eta gazteentzat tailerrak egongo dira Topalekun. 12:00etan toka txapelketa eta pilota partidak jokatuko dira. 16:30ean kros herrikoia hasiko da. Aurten bikoteka egingo dute. 19:30etik 21:30era eta 23:30etik 01:30era Matraka elektrotxarangak joko du.
Igandeko ekitaldiak
Igandean, 10:00etan, Antxiñako Ama txistulari taldekoek goiz eresia egingo dute. 10:30ean ZSK taldeko txalapartariek ermita aurrealdean joko dute eta 11:00etan meza hasiko da. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. 12:30ean aizkolarien erakustaldia egongo da eta 13:00etan musika bandak auzoko kaleetan joko du eta Irrintziren Dantzari Txiki egunera etorritako taldeek pilotalekuan dantza egingo dute.
17:00etan berriro dantzatuko dute. Eguraldi txarra egiten badu, pilotalekuko ekitaldiak Beloki pilotalekuan egingo dira. Igandeko egitarauarekin bukatzeko, 19:30ean jota kontzertua egongo da.
Festak asteartean bukatuko dira, San Isidro egunarekin. 11:00etan meza egongo da eta ondoren auzoko erretiratuek hamaiketakoa egingo dute. 19:00etan poteoa egingo dute eta 22:00etan festak amaitutzat emango dituzte.