Hamabost urtez errugbian hogei egiteko dituenean
Lander Mujika (Ordizia, 1998) Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaririk gazteena da. Amaitzear den denboraldiko lehen partida Euskal Ligako Garabi Ordizia taldearekin jokatu ...
Lander Mujika (Ordizia, 1998) Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaririk gazteena da. Amaitzear den denboraldiko lehen partida Euskal Ligako Garabi Ordizia taldearekin jokatu zuen, eta gerora, Espainiako Ohorezko Mailako lehen taldearekin aritu da. Horrez gain, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin Europako azpitxapeldun atera zen apirilean (25-3 irabazi zuen Portugalek).
Eta hala ere, denboraldia ez da amaitu ordiziar gaztearentzat. Joan den igandean Santanderren izan zen lehen taldearekin Senor Independienteren aurkako play offetan –kantabriarrek irabazi zuten 44-38, eta Ampo Ordiziak agur esan zion denboraldiari–, eta datorrengoan, etzi, Garabi Ordiziarekin arituko da Altamiran Galiziako Os Ingleses taldearen aurka, Espainiako Ohorezko B mailara igotzeko kanporaketan –13-14 nagusitu ziren ordiziarrak joanekoan–.
Ume-umetatik errugbian
Bost-sei urterekin hasi zen errugbian jokatzen Mujika,– «amak esan zion aitari errugbira eraman nazala», kontatu du–, eta harrezkero, errugbi eskolatik pasatu ondoren, mailaz maila gora eginez, lehen talderaino iritsi da, eta partida batean baino gehiagotan titular modura ere aritu da. Joko-zabaltzailea da –10aren postuan–, eta hagetara jaurtitzen ere fin moldatzen da.
«Taldeko gazteenetako naiz, badago urtebete gazteagoa den bat, partidaren bat jokatu duena, baina bai, ni naiz gazteena. Denek asko laguntzen didate, entrenamendu eta partida guztietan disfrutatzen ari naiz, eta asko ikasten. Oso gustura nabil», zehaztu du ordiziarrak. Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari da Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusean, eta azterketetan bete-betean dabil orain. Ikasketak eta errugbia uztartzeko «ondo» moldatzen dela dio. «Entrenatzera ia beti joaten naiz, eta ikasketak ere ondo doaz».
Esperientzia pilatzen
Etxeko taldearekin erakutsiko mailari eta ahaleginaren poderioz hartutako eskarmentuari esker, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin Coimbran (Portugal) ahaztu ezinezko esperientzia bizi izan du orain hilabete. «Egon ginen bi astean erabat errugbian pentsatzen, entrenatzen, erraztasun askorekin (fisioa, medikua, entrenatzaile oso onak…) eta esperientzia oso-oso ona izan zen. Finala galdu egin genuen, baina hori izan zen gutxienekoa».
Ampo Ordiziak osatu duen denboraldiari «meritu handia» eman dio. «Espainiako Ligan ari diren taldeen artetik Ordizia da herririk txikiena da, eta errugbiak bizi duen momentua ikaragarria da. Taldeak historia egin du. Ligan puntu gehien lortu dugun urtea izan da, eta bigarren itzulian talde onena izan gara bai erasoan, bai defentsan». Mujikak pasioz bizi du errugbia, eta bere horretan jarraitu nahi du, jokatzen eta gozatzen, mugarik jarri gabe.