Biharko haurrentzako eta gaztetxoentzako jolas parkea Ezkiaga auzoko pilotalekuan jarriko dute.
Loinatz Jaiak indartsu hasi dira Beasainen.
Arratsaldeko 18:00etan puntuan, eta eguraldia lagun, udaletxeko balkoitik Andramendi ikastolako ikasleek Loinatz Jaiak iragarriz pregoia irakurri dute, gainerako ikastetxeetako ikasleak eta buruhandiak ondoan zituztela. Xabi Matarranz Kultur zinegotziak suziria bota, eta musika eskolako bandaren eta txistularien eta Goizeresi txistularien Beasaingo Martxaren erritmoan dantzan hasi dira Beasaingo erraldoiak. Hilaren 20ra arte udaletxeko balkoian zintzilikatuta izango diren ikurrina eta Beasaingo bandera ere zintzilikatu dituzte Aitor Aldasoro alkateak eta Hilario Urretabizkaia udaltzain buruak.
Ondoren, kalez kale ibili dira Beasaingo erraldoiak eta buruhandiak, Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta buruhandien konpartsarekin batera, Beasaingo txikienen gozamenerako.
Atzegikoak eta Txolartekoak ere prest dira txistor pintxoak banatzeko, 19:00etatik aurrera, jaietako zapi berriak jantzita.
Bestalde, 20:00etan, plazan bertan Mariren Jaitsierako dantza entsegua egin ondoren, 22:30ean, kaleko eta plazako argiak itzalitakoan, Mariren Jaitsierako ekitaldia hasiko da.
Kontzertuekin jarraituko du jaiak. Bideluze plazan, Puro Relajo eta Loinatz Musika Eskolako Hell Ryders taldea ariko dira; Txosna Gunean, berriz, Hell Beers Boys, Azken Sustraiak, Aurrez Aurre, Las Tuerkas eta DJ Mintx.
Biharko jolas parkea Ezkiagan
Udalak jakinarazi duenez, bihar, haurrentzako eta gaztetxoentzako jolaserako eremua Ezkiaga auzoko Ezkierdi pilotalekuan kokatuko da.