«Mendian artalde osoa sakabanatzen dela ikustea bezalakorik ez dago»
Santi Etxezarreta Zegaman jaio zen 1962. urteko ekainean, artzain familian: «15 egunera igo ninduten Urbiako txabolara, lehenengoz. Gaur egun, Etxezarreta sendian ...
Santi Etxezarreta Zegaman jaio zen 1962. urteko ekainean, artzain familian: «15 egunera igo ninduten Urbiako txabolara, lehenengoz. Gaur egun, Etxezarreta sendian izan diren artzain guztien moduan, gu ere transhumanteak gara». Olaberriko artegia 2000. urteko urtarrilaren 1ean estreinatu zuten. «Pertsonalki, Olaberrira etortzeak, bizimodu berri baten hasiera suposatu zuen. Zoriontsu naiz bertan».
Noiz igoko zarete Urbiara?
Ekaineko lehen asteburuan, oinez egiten dugu ibilbidea, seme-alabekin batera.
Eguna iritsi zain izango zarete.
Ardiak desiratzen egoten dira Urbiara joateko. Niretzat ere, mendian artalde osoa larrean sakabanatzen dela ikustea bezalakorik ez dago.
Ze zaletasun dituzu?
Bertsolaritza, esku-pilota eta mendia.
Pelikula bat.
Gazta zati bat, dokumentala.
Liburu bat.
Txomin Agirreren Garoa.
Abeslari bat.
Mikel Urdangarin.
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean.
Janari bat.
Bisigua.
Edari bat.
Ardoa.
Oporretarako leku bat.
Jaka.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Nire argazkia gurutze-puntuz Aitor Esnaolak kartzelan egina.
Zeri diozu beldurra?
Neguari. Eguneroko jarduna ezin du ezerk baldintzatu, 500 ardi ukuiluan dituzula.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Lagunekin egoteak.
Goierriko txoko bat.
Urbiako Fonda.
Olaberrin biziko ez bazina…
Arabako Arriolan. Olaberrira etorri aurretik, bertan bainituen etxea eta ukuilua.