Gipuzkoako bolako txapeldun Iñaki Maiz eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak dira
Gipuzkoako Bola eta Toka Txapelketak Gabirian jokatu ziren, larunbatean. Bolan, bi txapelak gabiriarrek jantzi dituzte. Gizonezkoetan Iñaki Maiz nagusitu da, eta emakumezkoetan Naiara Peñagarikano gaztea. 26 bolarik parte hartu dute, kanporaketa sisteman.
Maizek azken buruz burukoa beste gabiriar batekin jokatu du, Patxi Ormazabalekin. Bigarren geratu da gaztea. Hirugarren Jokin Izagirre segurarrak egin du, eta laugarren Enrique Lopetegi zarauztarrak.
Emakumezkoetan sei ziren sailkatutakoak. Peñagarikano txapeldunaren ondoren, Aitziber Makazaga zeraindarra izan da bigarren, hirugarren Bea Unzue billabonarra eta laugarren Garbiñe Alustiza zeraindarra.
Tokan ere Goierrikoa lehen
Toka txapelketan 21 partaide izan dira. Martzelino Agirre segurarrak jantzi du Gipuzkoako txapela, eta Juan Mari Iñurritegi legazpiarra izan da bigarren. Hirugarren postua Patxi Ormazabalek lortu du.
Datorren larunbatean, Goierriko Bola Txapelketaren bukaera Gabirian izango da. 10:30-11:30 eta 16:30-17:30 da izen-emate tartea. Afaria ere badago gero, Gabiriako Ostatuan.