2018rako 608.553 euroko aurrekontua onartu du udalak, inoizko altuena. Eskolan lan bat egingo du. Meategietako bidea berritzeko diru sail bat bideratu duGabiriako Udalbatzak apirilaren 22ko batzarrean onartu zuen 2018rako udal aurrekontua. Historiako d...
Etxeberri etxearen aurrealdea berrituko dute. Arg.: Aimar Maiz
2018rako 608.553 euroko aurrekontua onartu du udalak, inoizko altuena. Eskolan lan bat egingo du. Meategietako bidea berritzeko diru sail bat bideratu du
Gabiriako Udalbatzak apirilaren 22ko batzarrean onartu zuen 2018rako udal aurrekontua. Historiako diru kopuru handiena izango du: 608.553 euro. Industrigune baten handikuntzatik datorkion aprobetxamenduak eragin du igoera. Iazko likidazioa gorago geratu zen: 631.990.
Alegia auzoan burutuko ditu aurten inbertsio handienak Gabiriako Udalak. Zubimusu etxearen albotik Oximek lantokirako sarbidea berrituko du, Armagindegiko zubi ondoan. Kamioien pasaeragatik, segurtasuna hobetu nahi da han. 20.000 euro bideratu ditu hara.
Bestetik, Etxeberri eta Erbetatxiki etxeen aurrealdeko kalea ere berrituko dute. Foru Aldundia aurten da hastekoa Irizarko biribilgunetik Alegia auzoko sarreraraino bidegorria eraikitzen, eta lan horiek baliatuko ditu udalak ere Etxeberri aurrealdea konpontzeko.
Bidegorria, Irizarko errotondan hasiko da, Agerreberri aldeko ertzetik. Aroztegi baserriaren parean Gi-2632 errepidea zeharkatuko du, zebrabide batetik, eta eskuineko ertzetik segiko du, Alegia sarreraraino. Udalak, Agerreberriko bidegurutzeraino bidegorri-adar bat luzatzeko eskatua dio diputazioari. Obren eperik ez du zehaztu aldundiak.
Meategietako errepidea
Esku artean duen beste proiektu bat, Etxeberribengoko zubitik Troiko meategietarako errepidea berritzea du udalak. Aspaldiko proiektua da, aldundiarekin eta Mutiloako Udalarekin elkarlanean daramatena. Errepide Sailak egingo du proiektua eta errepidearen azterketa. Bi udalek 50.000na euro jartzeko konpromisoa hartu dute, bakoitzak bina kilometro dituelako. Gabiriak aurten 25.000 bideratuko ditu, eta 2019an beste horrenbeste. Aldundiak, 80.000 euroko ekarpena agindu du.
Balentzategi herri eskolan ere lan bat aurreikusita dauka udalak. Bi gelen arteko horma bota, eta beirazko bereizgarria ipiniko dute; bi urtekoen siesta garaia gela handitik zaindu ahal izateko. Bi aretoak margotzeko eta led sistemadun argiteria efizientearekin hornitzeko ere baliatuko dute obra.
Berdintasunerako dirua
Berritasun gisa, Gabiriako udal aurrekontuan lehenengo aldiz aparteko diru sail bat izango du emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunak. Kontzientziazio lanarekin hasteko asmoa du. 1.000 euro ditu horretarako.
Desfibriladore bat ere jarriko dute, erabilera publikorako, bihotzekoen kasuetan. Udaletxeko eskailera-tartean kokatuko dute. Eramangarria izango da, eta Osakidetzaren sarean alta emango diote. Gurutze Gorriak ikastaro bat eman dezan asmoa du udalak, aurrerago.
Etxebizitzaren gaian, Arroaga eta Larrea-Ene azpiko eraikitze-esparruan Arau Subsidiarioa aldatzekotan da udala. Bi bizitzako 14 etxe egin litezke han, baina aldi berean. Exekuziorako unitate bakar izaera kentzeko tramitazioa hasiko du.