Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikustera doazenentzat zein korrikalariei laguntzera doazenentzat hainbat aholku eman ditu antolakuntzak .Ingurumena errespetatzeko deia ere egin dute
Zegama-Aizkorri mendi maratoia zerbaitek berezi egiten badu, zaleek eta ikusleek korrikalariei eskaintzen dieten berotasuna da. Mundu zabaletik etorritako korrikalari askok azpimarratzen dute, Zegama bezalakorik ez dagoela. Aurten ere, ehunka lagun bilduko dira maratoiko ibilbidearen bazterretan, lehia bertatik bertara bizi eta korrikalariei animoak emateko asmoz.
Igandeko proban dena ondo atera dadin, antolatzaileek, epaileek eta boluntarioek emandako argibideak errespetatzeko eskatu dute, igandera begira, hainbat gomendio ematearekin batera.
Autoz datozenentzat, jakin Ertzainzak Zegamako sarbidea itxi egingo duela 06:30ean, eta handik aurrera, baimena duten ibilgailuek bakarrik sartu ahal izango dutela. Aparkaleku nagusia, Intxaustiko industrialean egongo da. Lasterketa San Adrian, Sancti?Spiritu edo Aizkorri inguruan ikusi nahi dutenek berriz, Etzegaratetik barrena, Otsaurtera doan bidetik joan beharko dute.
Zegamarako bi sarrerak, Olaberri aldekoa eta Otsaurte aldekoa, itxita egongo dira 10:30ak arte. Handik aurrera, Ertzaintzak eta antolakuntzak kontrolatuko dute sarbidea, beti ere auto zirkulazioaren zenbatekoa aintzat hartuta.
Ingurumena errespetatu
Lasterketa Aratz-Aizkorri parke naturalean jokatzen denez, antolatzaileek dei berezia egiten diete ikusleei, zirkuitua eta ingurumena zaindu ditzaten. Ezin da inondik inora zaborrik utzi; anoaguneetako edukiontziak erabiltzeko eskatu dute. Bestalde, haitz askoko eremuetan kontu handiz ibiltzeko deia egin dute antolatzaileek.