Igandean 54 lagun hartuko dituzte Goierriko Itsason, Nafarroako itsasoarrak txaranga eta guzti datoz
Itsaso Itsasok isats-landaretik hartu zuen izena eta Nafarroako Itsaso herria ere hargatik deitzen da Itsaso. Igandean Goierriko Itsason izen bereko nafar herriko 54 lagun hartuko dituzte; nafarrak txaranga eta guzti iritsiko dira. Egitarau oparoa prestatu diete bisitariei.
11.00etan Mandubiko Bentan ongi etorria egingo diete eta handik Kizkitzara abiatuko dira, 13:00etan Itsasora jaitsi eta 13:45ean harrera ofiziala egingo diete, besteak beste, isats-dantza eskainiko diete. Ostatu kanpoan jarritako karpan izango da bazkaria eta ondoren elizara bisita gidatua egiteko aukera emango dute. Jarraian Pott zeramika tailerra bisitatuko dute. Alegia auzoan izango da askari-agurra. Buruan dute Lapurdiko Itsasukoekin ere topaketa bat egitea, goierritarrak han izan ziren 2012an.
Egun berean Seat 600 autoen kontzentrazioa egongo da Itsason eta udaletik laguntzaileak eskatu dituzte. Lagundu nahi duten boluntarioek udaletxera deitu dezakete (943 47 77 90) edo idatzi: udala@itsaso.eus. Zortzi lagun behar dituzte.