Zegama-Aizkorri, eguraldiaren baldintzen menpe
Kilometro Bertikala eta maratoia Munduko Koparako baliagarriak izango dira aurten ere. Salomon Golden Trail Series 2018n sartzeak atzerriko korrikalari gehiago erakarri ditu
Zegama-Aizkorriko asteburu handia iristear da, korrikalari asko eta askorentzat urteko hitzordurik garrantzitsuena, eta Zegamako herriarentzat urtez urte hazten ari den ilusioz betetako erronka. Gustuko aldapan nekerik ez dela dio esaera zaharrak, eta horren froga nabarmena da zegamarrek urtez urte egiten duten lan eskerga. Jakitun dira munduko mendi maratoi estimatuenaren antolatzaile direla, eta harrotasun horrek, gaitz guztiak arintzen ditu.
Aurten ere, Skyrunning World Series Munduko Koparako puntuagarria izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta Kilometro Bertikala bigarren urtez sartu dute Skyrunning National Series-etan, Munduko Koparako baliagarria hori ere. Berritasun nagusia, Salomon Golden Trails Series 2018 egutegian sartu dutela da –informazio zehatzagoa ondoko taulan–.
Eguraldiaren kezka
Prestaketa aldetik «dena esperota bezala» badoa ere, eguraldi iragarpenak berealdiko kezka sortzen ari zaie antolatzaileei: «Iragarpenak oso aldakorrak daude, lau orduz behin aldatu egiten dituzte, eta eguna hurbiltzen den eran, ikusiko dugu zer iragarpen dagoen. Ostiral goizean hartuko ditugu Kilometro Bertikalari dagozkion erabakiak, eta maratoiari buruzkoak larunbatean. Gauza oso aldakorra dago. Euriak ez gaitu kezkatzen, baina trumoiak eta tximistak bai, deskarga elektriko horiek arriskutsuak dira, eta horrenbeste jende mendira igotzen dela ikusita ba…». Alberto Aierbe Zegama-Aizkorriko zuzendari teknikoaren hitzak dira horiek. Kezka ez zuen ezkutatzen atzo arratsaldean, baina asteburua gerturatu arte, lasaitasunerako deia eman nahi izan zuen.
Iazko garaileak, hautagai Kirol alderdi hutsari dagokionez, inoizko partaidetza zabalena izango du mendi maratoiak. Kilian Jornet aurten ere ez da Zegaman izango –Pierra Mentan peronea hautsi zuen martxoan, eta ez da osatu–, baina bai iaz lehen bostetan sailkatu ziren lau korrikalari: Stian Angermund-Vik (1.a), Marc Lauenstein (3.a), Aritz Egea (4.a) eta Adrien Michau (5.a). Emakumezkoetan, iazko lehen lau sailkatuak Zegaman izango dira:, Maite Maiora, Silvia Rampazzo, Sheila Aviles eta Oihana Azkorbebeitia. Megan Kimmelek, Yngvild Kaspersenek (2016ko irabazlea) eta Emelie Fosbergek (2013ko irabazlea) ere parte hartuko dute. Kilometro Bertikalean iazko bi txapeldunak ez dira irteeran izango –Stian Angermund-Vik eta Laura Orgue–, eta horren ondorioz, ezusterako tartea badago ostiraleko proban.Alberto Aierbe (Zuzendari teknikoa)
«Eguraldia aldakorra dago oso. Iragarpenak lau orduz behin aldatzen dituzte»
Ostarteak eta lainoak igande goizean, baina ekaitz arriskuarekin Aste osoko tendentziari eutsiz, bero egingo du asteburuan ere. Ostiralean 24 graduraino iritsiko dira termometroak, eta iluntzerako ekaitza egin dezake. Igandean ere, beste horrenbeste gertatuko da. Goizean lainoak eta ostarteak tartekatuko dira. Proba hasterako 15-16 graduko tenperatura izango dute, eta 14:00ak alderako 24ra iritsiko da hozberoa. Handik aurrera bero hodeiak zabaldu eta ekaitz arriskua izango da. Hezetasun maila berriz, %50-85 artean kokatuko da. Bertikaleko eta maratoiko faboritoak etzi Zegaman Zegama-Aizkorriko ekitaldiei hasiera emango dien ekitaldia egingo dute ostiral goizean. Prentsako eta mendi lasterketetako adituentzako ekitaldia izango da, eta bi probetako hainbat korrikalari ezagunek parte hartuko dute.?11:00etan izango da, Zegamako kultur etxean. Bestalde, korrikalarientzako aurkezpen teknikoa eta dortsal banaketa larunbatean egingo dituzte, 18:00etan. Goierriko Hitzak jarraipen berezia egingo du egunotan Goierriko Hitza egunkariak Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren jarraipen berezia egingo du asteburuan. Ostiralean, Kilometro Bertikalaren berri emango du, bideo eta argazkiekin. Igandean berriz, maratoiaren inguruko berri emango du Zegamatik bertatik, eta iluntzean, bideoa eta argazki galeriak ikusgai izango dira.Salomon Golden Trail Series 2018 egutegiko proba
Beste urte batez, Skyrunning World Series Munduko Koparako puntuagarria izango da XVII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina aurten bada berritasun nabarmen bat. Salomon Golden Trail Series 2018 egutegia sortu dute, eta sei probetatik lehena izango da Zegamakoa. «Zirkuitu horretan sartzeak atzerriko korrikalari gehiago erakarri ditu», nabarmendu du Alberto Aierbe zuzendari teknikoak. Honako sei probek osatzen dute Salomon Golden Traila:?Zegama-Aizkorri (maiatzak 27, 42 km, +2.736 metro); Mont Blanc Maratoia (Frantzia, uztailak 1, 42 km., +2.780 metro); Sierre-Zinal (Suitza, abuztuak 12, 31 km., +2.200); Pikes Peak (AEB, abuztuak 19, 42 km., +2.382 metro); Ring of Steall (Eskozia, irailak 15, 29 km., +2.382 metro); eta The Otter Trail, Hego Afrikako Final Handia (urriak 19-20, 42 km., +2.600 metro). Azken proba horretan sailkatu nagusian lehen hamar postuetan dauden korrikalariek hartuko dute parte, nesketan zein mutiletan.














