Bertsoa eta zientzia uztartuta
Bertsolariak, zientzialariak eta ikerlariak elkarrekin aritzeko plaza da Bertsozientzia. Kultura zientifikoa formatu erakargarri baten bidez zabaltzeko helburuarekin sortu zen duela lau ...
Bertsolariak, zientzialariak eta ikerlariak elkarrekin aritzeko plaza da Bertsozientzia. Kultura zientifikoa formatu erakargarri baten bidez zabaltzeko helburuarekin sortu zen duela lau urte, eta aurten lehenengo aldiz, Gipuzkoara iritsi da. DIPC, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra, Zarautz On Elkartea, Bergarako Laboratorium Museoa, Goierriko Lemniskata Zientzia Sare Herrikoia eta Bergarako Udala elkartu dira proiektu berri honetan.
Pasa den astean Zarautzen eta Bergaran aritu ondoren, gaur, hilak 25, Ordiziako Herri Antzokia bilakatuko da bertsozientziaren plaza. 19:00etan da saioa, dohainik. Jakinduriek mundue erreko dau izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko dituzte eskenatoki berean, hain desberdinak diren bi unibertso –zientzia eta bertsolaritza– elkartzeko, haien mugak gainditzeko eta publiko berrietara iristeko. Ordiziako kasuan, Unai Iturriaga eta Alaia Martin bertsolariak, eta Gorka Azkune, Olatz Perez de Viñaspre eta Aitor Gastañares ikerlariek eta zientzialariak ariko dira, Angel Alkain aktoreak eta umoristak gidatuta. Emanaldia dinamizatzeaz gain, bertaratzen direnen partaidetza sustatzeaz arduratuko da Alkain. Zientzialariek hamarna minutuko hitzaldi zientifikoak egingo dituzte, euskaraz. Gaiak aurkeztu ondoren, zientzialarien hipotesiak bilduko dituen bertso bana inprobisatu beharko dute bertsolariek.
Aitor Sarriegi beasaindar bertsolariak Zarauzko saioan parte hartu zuen eta bere esanetan, «ederki» joan zen saioa: «Umorez joan zen, formatu oso entzunerraza da. Hizketaldiak interesgarriak dira eta ongi eramanak». Batxiler mailako ikasle asko zeuden saioan, «kultura zientifikoa bezalako ikasgaietarako egokia» baita Bertsozientzia.
Bertsolaritza «amu ona»
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko katedran lan egiten duen Uxune Martinezenek urteak daramatza Bertsozientzia antolatzen, ondorengo helburua oinarri hartuta: «Unibertsitateak, besteak beste, zientzia gizarteratzeko ardura soziala du. Zertarako? Alde batetik, kultura zientifikoa gizartean zabaltzeko, alfabetatze zientifikoan laguntzeko eta bestetik, gardentasuna erakusteko. Hau da, erakusteko zertan erabiltzen duten ikertzaileek erakunde publikoetatik hartzen duten dirua ikerketarako». Horretarako «ezinbestekoa» da bide berriak urratzea, ahal den eta toki eta jende kopuru zabalenera iristeko. «Eta Euskal Herrian zeren inguruan biltzen gara, zein ekitaldik batzen gaitu? Esaterako, bertsolari txapelketak. Bertsolari txapelketak sorrarazten duten interesa eta erantzuna kontuan izanik, zergatik ez lotu bertsolaritza zientziarekin? Hori izan zen abiapuntua». Bertsolaritza «amu egokia» iruditu zitzaien zientziara hurbiltzeko.
Gotzon Garate hizkuntzalariaren atsotitz bat aukeratu zuten saioak aurkezteko: Mundue jakinduriek erre biar dau. Hain zuzen ere, «gizarteak zientziarekiko zuen mesfidantzaren erakusleiho bezala».
Laugarren urtea du Bertsozientziak, eta proiektuaren balantzea «oso ona» da, Martinezen esanetan. Alde batetik, «ikusi dugu uztargarriak direla ustez elkarrengandik urrun gelditzen diren bi diziplina». Bestalde, «zientziak erregistro formaletatik, akademiatik, unibertsitatetik kanpo tokia baduela erakutsi du egitasmoak. Entretenigarria eta ulergarria den formatuetara egokitzeko gai dela zientzia eta ezagutza zientifiko-teknologikoa euskaraz argi zabaltzea ez dela zientzia-fikzioa». Horretarako guztirako, «elkarlana ezinbestekoa dela ere erakutsi digu esperientziak».
Honela, euskal herritarren «jakin-minak bizirik dirauela» ere ikusi dute: «Zientzia-ezagutza beharrezkoa dela egunerokotasunean planteatzen zaizkigun hainbat galderei aurre egiteko eta zientzia zabaltzea ezinbestekoa dela gizarteak irizpideak izan ditzan erabakiak hartzeko unean. Eta publikoak eskertzen duela gauzak ikastea, ezagutza eskuratzea».
Hiru zientzialari
Ordiziako saioari dagokionean, hiru zientzialari eta hiru gai landuko dituzte. Gorka Azkune robotikan eta adimen artifizialean adituak Umeak bezala ikasten hitzaldia egingo du; Olatz Perez Viñaspre informatika-ingeniariak, IXA taldeko ikertzaileak eta hizkuntza tratamendu automatikoan adituak, Sistema adimentsuen aurreiritziak gaia landuko du; eta Aitor Gastañaresek, azkenik, Trenen teknologia ezkutuak.
«Meritua du horrelako gaietatik umorea ateratzea»
CAF enpresako Ikerketa eta Garapen Saileko ingeniaria da Aitor Gastañares, Teknologien Kudeaketa departamentuko arduraduna.
‘Trenen teknologia ezkutuak’ izango duzu hizpide.
CAFen teknologia arloan egiten dugun lana ahalik eta modurik didaktikoenean azaltzea da nire asmoa. Trena, gurpilekin dabilen kaja baten moduan ikusten dugu, baina barruan teknologia asko dago eta ikerketa asko egin behar da. Gainera, ibili ahala, gauza asko berritzen ari gara, hobekuntza lan asko egiten dugu.
CAFen egiten duzuen lana ezagutzeko aukera ona da.
Baietz esango nuke. Orokorrean interesgarria izan daiteke, CAF bezalako enpresa batean, teknologia mailan puntan gabiltza eta. Interesgarria da Gipuzkoako enpresetan zein lan egiten den ezagutzeko. Didaktikoa izan daiteke.
Bertsolaritza eta zientzia uztartzen ditu Bertsozientziak.
Harridura sortzen dit, eta oso positiboa da, nola har daitekeen horrelako saio batean bertsolaritza, gure kulturan aspalditik daukagun jarduera bat, eta beste alde batetik, teknologia, eta bi arlo horien inguruan fusioa egitea, meritua dauka. Ez dakidana da, bertsolariak nola moldatzen diren horrelako gaietan bertsoak ateratzeko. Kuriosoa iruditzen zait.
Aitor Sarriegiren esanetan, umorezko saioa atera zen Zarautzen.
Meritu handia dute bertsolariek, horrelako gai serioei umorea ateratzea. Baina artista batzuk dira.