Oiangu Txiki baserriaren inguruko basoan eta Altamira aldean 4,7 kilometroko zirkuitua osatuko dute. Euskadiko Openaren barruan dagoen proba da Ordiziakoa
Mendiko bizikletaren zaletuek hitzordua dute bihar, larunbata, Ordiziako Oiangu parkean eta inguruetan. Bigarren aldiz jokatuko Oiangu BTT sari nagusia, BTTlandiak Txapelgorri elkartearen laguntzarekin antolatuta. Euskadiko Openaren barruan dagoen proba da eta federatuentzat dago zuzenduta. Bihar, 16:30ean abiatuko dira lehenengo txirrindulariak.
Orain dela urte gutxi sortu zuen Goierriko gazte talde batek BTTlandia. Mendi bizikletaren zaletu amorratuak dira eta iaz, Oianguko inguruetan mendi bizikletarekin ibili ahal izateko bideak zabaltzen ari zirela bururatu zitzaien Oianguko BTT saria antolatzea. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute.
Probaren xehetasunak
Mendiko txirrindulariak, kategoria desberdinetan banatuta egongo dira eta Oianguko zelaietan, Oiangu Txiki baserriaren inguruko basoan eta Altamira aldean dagoen parkearen eremuetan, 4,7 kilometroko zirkuitu itxiari hainbat itzuli eman beharko dizkiote. Elite eta 23 urte azpiko kategorikoek bost itzuli, master edo beteranoek lau, emakumeek eta juniorrek hiru eta kadete mailakoek berriz, bi itzuli egin beharko dituzte.
Larunbatean Oiangun BTT proba izango denez, Altamirako Okorrobidetik Lazkaomendira doan bidea itxita egongo da 15:00etatik 19:00etara. Oianguko aparkalekurako pasoa ere itxi egingo dute ordutegi berean. Goierri Eskolako parkina zabalik egongo da.