AHT-ren Ezkioko geltokiko diseinu lanak esleitu dituzte
Eusko Jaurlaritza hasi da AHTren geltokiak izango direnen lehen diseinu lanak esleitzen. Donostiakoaren ondoren, orain Ezkiokoa aterako dute lehiaketara. Typsa ingenieritza enpresak egingo du proiektua datozen hilabeteetan. Geltoki hori eraikitzeko lanak berriz, 2019ko bigarren seihilekoan hastea espero dute.
Euskal Trenbide Sareak Typsa enpresa nafarraren proiektua hautatu du, aurkeztu ziren hiru egitasmoen artean. 108.000 euro ordainduko dizkio, sei hilabetean proiektua garatzearen truke. Ezkioko geltokiak, bidaiarientzako nasaz gain, trenak gelditzeko eta elkar aurreratzeko errailak izan beharko ditu. Gainera, Nafarroako lotunea bertan egingo balitz, trenek norantzaz aldatzeko aukera izan beharko dute.
Eraikinak harrera gela bat izango du, eta handik trena hartzeko nasetara pasako da. Nasa horiek, 410 metroko luzeera eta 5 metroko zabalera izango dute.
Proiektuak, Gi-3351 errepidetik geltokira arteko urbanizazio lanak eta autobusentzako eta autoentzako aparkaleku bat ere jasoko ditu.
Nafarroarekiko lotura, oraindik erabakitzeko
Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi zirenetik, Ezkio Euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotune izango zela esan izan da. Erabaki hori ordea, hartzeko dago oraindik. Espainiako Sustapen Ministerioak hartuko du azken erabakia. Printzipioz lotunea Araban egitearen aldeko agertu da, baina Eusko Jaurlaritzak jarritako helegiteari erantzun behar dio oraindik.