Lan hitzarmenen "estatalizazioa" salatzeko lanuztea deitu du LAB-ek
Euskal Esparruaren defentsa egingo du LAB sindikatuak, estatu mailako zentralizazioa salatuz. Bi orduko lanuzteak egingo dituzte gaur, eta 13 elkarretaratze deitu dituzte eskualdean
Lan hitzarmenak estatu mailan zentralizatzeko joera salatu eta “Euskal Esparrua” defendatzeko mobilizazioak deitu ditu LABek biharko. Lantegietan bina orduko lanuzteak egingo dituzte, eta Goierriko 13 herritan elkarretaratzeak daude deituta, lantegi eta industrialdeetan.
LABek “inboluzio politiko eta soziala” salatu du. Hala, lan arloan ere, “prekarizazioa inposatu” nahi dutela diote. “2008ko krisiaren aitzakian estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman zioten. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: negoziazio kolektiboaren erreforma, lan erreforma eta austeritate neurriak. Horien ondorioz, azken 7 urteetan, “estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra izatera” pasatu da. Pentsionistak eta mugimendu feminista mobilizatzen hasiak diren bezala, “orain sindikalgintza eta langile klasearen garaia” dela uste du sindikatu abertzaleak.
Goierri mailako deialdiak:
- Beasaingo CAFen (10:00-10:30)
- Beasaingo GHn (09:50ean eta 13:50ean)
- Beasaingo Indarren (10:00etan)
- Ezkioko industrialdean, sarrerako biribilgunean (11:30- 12:30)
- Idiazabalgo Jason (10:00-12:00 eta 14:00-16:00)
- Itsasondoko Jason LABek, ELAk eta CCOOk deituta (13:30-14:30)
- Legazpiko industrialdean, sarrerako biribilgunean (13:30-14:30)
- Olaberriako Arcelor Mittalen LABek eta CCOOk deituta (13:15-14:15)
- Olaberriako Carrefourren (11:00-11:15)
- Ordiziako Majori kiroldegian (11:00-13:00)
- Urretxuko Gipuzkoako Uren bulegoaren aurrean (12:00- 12:15)
- Zumarragako industrialdean, sarreran (13:30-14:30)
- Zumarragako ospitalaren aurrean (12:00-12:30)













