Las Palmas taldean bi hilabeteko sartu-irtena egin eta gero, Pako Aiestaranek badu talde berria. Mexikora itzuliko da entrenatzaile beasaindarra, Pachuca taldean aritzeko. Mexiko “beti oso ondo” hartu duen herrialdea dela dio Aiestaranek, eta “oso gustura” dagoela bertara itzultzeko aukerarekin.
Pachuca Mexikoko futbol talderik zaharrena da, duela 117 urte sortu baitzen. Sei aldiz irabazi du MX liga, eta iaz, Kluben arteko Munduko Txapelketan hirugarren egin zuten. “Ilusioa sortzen duen erronka baten aurrean” dagoela dio Aiestaranek, eta “lanean hasteko gogo handiarekin” sentitzen dela. Taldea “hazten jarraitze laguntzeko” ahal duen guztia egingo duela azaldu du beasaindarrak.
Mexikon hasitako ibilbidea
Pako Aiestaran prestatzaile fisiko moduan hasi zen, eta Rafa Benitez entrenatzailearen aldamenean aritu zen hainbat urtez, Osasuna, Extremadura, Tenerife, Valentzia eta Liverpool taldeetan. Benfican ere aritu zen Quique Sanchez Floresekin, eta Valentzian Unai Emeryrekin. Entrenatzaile moduan Mexikon egin zituen aurreneko pausoak 2013an, Jaliscoko Estudiantes Tecos taldean.
Mexikoko esperientziaren ondoren, Maccabi Tel Aviv taldera joan zen, eta sekulako denboraldia egin eta gero, Mexikora itzuli zen, Santos Laguna taldera. Hamar partida bakarrik iraun zituen han ordea, beasaindarrak taldea uztea erabaki baitzuen. Valentziara itzuli zen gero, entrenatzaile modura, baina ez zuen taldearen norabidea aldatzerik lortu, eta 12 partidaren ondoren, zuzendaritzak kontratua etetea erabaki zuen.