«Baserriari lotutako irudia zama den edo ez eztabaidatu behar da»
Pedro Berriotxoa (Urretxu, 1958) Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Geografia eta Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Antropologian lizentziatua ...
Pedro Berriotxoa (Urretxu, 1958) Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Geografia eta Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Antropologian lizentziatua EHUn. NekazaritzakoIngeniari teknikoko ikasketak ere egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Euskal Ikaskuntzan aditua da UNEDen. Gainera, maiatzaren 19an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatu berri dute. Historia irakaslea da lanbidez, baina ikerketa lan bilduma mardula ere badu argitaratuta, artikulu zein liburu formatuan. Bere ikerketen lan-eremua landa ingurunea edo baserria izan da beti, historiaren ikuspuntutik aztertuta.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatu zaituzte. Nola jaso duzu izendapena?
Gazte samar sentitzen naiz oraindik. Beti iruditu izan zait honelako izendapenak zahartzaroan iristen zirela (barreak). Elkartearekin dudan harremana bere buletinaren bitartez sortua da. 2007an publikatu nuen bertan nire lehendabiziko artikulua ikerketaren esparruan. Ordutik aurrera ia urtero publikatu dut zerbait, azkena 2017an.
Noiz hasi zinen ikerlari lanetan?
1996ra arte Urretxun bizi izan naiz. Ordura arte Kaixo udal aldizkarian idatzi izan nituen artikuloak, geroago, baita beste egunkari eta publikazio batzuetan ere. Artikulu txikiak ziren. Ikerlari bezala nire ibilbide profesionala beranduago hasi zen, 50 bat urterekin. Dena dela, gozatu egiten dut idazten.
Ikasteari ere ez diozu inoiz utzi.
2004an Antropologia ikasketak hasi nituen. Unibertsitatera buelta horretan berriz sentitu nuen gauzak egiteko gai nintzela, eta esan daiteke, orduan hasi zela nire ikerlari aroa. 2007an egin gabe nuen Nekazaritzako Ingeniaritza teknikoko ikasketen amaierako proiektua egin nuen, Rosa Aierbek bultzatuta.
Tesi hura egiten bost urte igaro nituen. Baserriaren inguruko ikerketa bat izan zen, historiaren ikuspuntutik aztertua. Izan ere, beti aldarrikatu izan dut industriak edo gizarteko beste edozein arlok bezala, baserriak ere bere historia daukala.
Nondik datorkizu baserriarekiko jakin-min hori?
Ez naiz baserritarra, baina aitona-amonek baratzea izan zuten beti Urretxun. Aitak fabrikan lan egiten zuen, baina baratzean beti lagundu izan du. Tia Tere ere hortik bizi izan zen, baratzean ereindakoa gero inguruko azoketan saltzen zuen. Ni neu ere, orain bost urtera arte baratzean aritu naiz lanean.
Zure ikerketa lan guztien zioa baserriaren inguruan sortu diren mitoen inguruko azterketa izan da.
Nik aipatzen ditudan mitoak, gainera, bertako baserriari edo landa inguruneari ez ezik, mundu guztiko nekazaritzari ere aplikatu daitezke. Hiria versus landa eremua. Ideia hori oso zabalduta dago, adibidez, baina historiari begiratuz gero, berehala ohartuko gara herri handienetan ere beti egon izan direla behiak, zaldiak, baratzeak, baserriak… Gainera, baserritarrak hirira joan izan dira beti euren produktuak bertako azoketan saltzera.
Gipuzkoaren kasuan, adibidez, Donostian, XIX. mendera arte hainbat biztanle baziren kaskoan eta inguruetan, baina gehientsuenak, 4.000 bat inguru, baserrietan bizi ziren. Ia 1.000 baserri zeuden garai hartan Donostian. Beraz, kasu honetan hasieran aipatutako zatiketa hori ez dela egon baieztatu daiteke. Agian, Bilbo izan daiteke salbuespena.
Nekazariekiko agertu den mespretxuaz ere asko idatzi duzu.
Eta ez bakarrik Euskal Herrian, munduan zehar ere errepikatu izan den zerbait da nekazariarekiko mespretxuaren ideia. Gaztelaniazko rustico hitza, adibidez, latineko rus-etik dator. Landa esan nahi du, baina beste adiera bat ere badu, zakar, basati, astakirten. Berdin gertatzen da pagano hitzarekin ere, latineko pagues-etik dator, baita pisant edo payes ere. Guztiek mespretxuzko adiera daukate bere azpian.
Baserriaren irudi zaharkitua ere gailendu da zure iritziz.
Baserria beti erreakzionariotzat hartua izan da. Kontserbadorea, atzerakoia, aurrerapenaren aurkakoa.
Baserritarrak edo nekazariak, gainera, maila ertaineko pertsonatzat eduki dira. Bestalde, marxismoak beti azpimarratu izan du gaizkien bizi izan den kolektiboa beti langileena izan dela. Bada, historiari begiratuz gero, ohartuko gara baserritar askok langile izan nahi zutela. Izan ere, baserrietan bizimodua oso-oso gogorra izan da, batez ere, XX. mendetik aurrera.
Hiria baserriaren gainetik jarri izan ohi da?
Historiari begiratuta, landa eremuari buruz idatzi duten gehienak hiritarrak izan dira. Landatarrek ezer gutxi idatzi dute landari buruz. Gaur egun ere, hiriak esaten dio baserriari nolakoa izan behar duen: erreserba naturala, ekologikoa… Hiriko ideologian oinarrituta esaten diote, adibidez, ekologistek baserriari zer eta nolakoa izan behar duen. Oraintxe daukagu, esaterako, puri-purian Aralarko pisten gaia…
Emakume ikusezinaren mitoa ere behin baino gehiagotan aipatu duzu zure ikerketetan.
Baserria beti gizonari lotuta saldu izan zaigu. Gizon zaharra, baldarra… Emakumea oso gutxi agertu izan da, eta agertu izan denetan, ia beti sukaldean. Hori ez da egia izan. Emakumeak garrantzi handia izan du beti gure gizartean, are gehiago baserrian. Soroan, baratzean, azoketan, elizan, ukuiluan… bere presentzia erabatekoa zen, baina hori ez da agertzen testuetan.
Zure azken ikerketa lana orain gutxi plazaratu da. 6 eta 16 urte arteko gazteek eskoletan erabiltzen dituzten testuliburuetan baserriak duen irudia aztertu duzu.
EHNE sindikatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egin dut lana. Txosten honetan agertzen da beti oso ikuspegi positiboa ematen dela baserriari buruz. Maitasun handiz tratatzen da, beti gure identitateari lotuta. Hau, printzipioz, ona da, baina irudi hori zama den edo ez eztabaidatu beharko litzateke…
Mitoak errepikatzen dira testuinguru honetan ere?
Baserria gutxi agertzen da, eta agertzen denean estatikoa da guztiz, historiarik gabea. Gauza zaharra da baserria testuliburuetan, beti tradizioari lotuta eta emakumea oso gutxi agertzen da. Honen aurrean nik, baserria agente historiko bat dela aldarrikatzen dut, aldakorra dela, zerbait bizia izaten jarraitu behar du iraungo badu.