Bihotz-biriken suspertze teknika irakatsiko du DYAk Ordizian larunbatean
Etzi, ostirala, eta Zure eskuek bizitza bat salba dezakete lemapean, DYAk zazpigarren urtez jarraian, Bihotz Biriken Suspertze Eguna ospatuko du. Sentsibilizazio kanpaina honekin bihotz-biriken geldialdi baten aurrean jokatzen jakitearen garrantzia gogorarazi nahi dute.
Arrazoi honengatik, urtero 30.000 pertsona inguru hiltzen dira, eta lehen 5 minututan bihotz-biriken suspertzea egiteak biziraupena %70era igotzen du. Gainera, DYAk gogorarazi du «BBS teknika oso erraza» dela eta «nahiz eta formaziorik ez izan, ikasteko 10 minutu baino ez dira behar».
Ordizian larunbatean
Kanpaina honen barruan Gipuzkoako hainbat herritan izango dira DYAkoak eta larunbatean, Ordiziako Plaza Nagusian izango dira, 11:00etatik 14:00etara. Bertara gerturatzen denak hainbat informazio mahai aurkituko ditu eta nahi duen orok, oinarrizko suspertze teknikak ikasi ahalko ditu doan.