Euskadiko mendiko bizikleta txapelketa, Urretxun
Larunbatean Euskadiko mendiko bizikleta txapelketa egingo dute Urretxun, 16:00etatik aurrera. Parte hartzaileek Irimo mendiaren magalean prestatutako 4,87 kilometroko zirkuitua egingo dute. 200 txirrindulari baino gehiagok parte hartzea espero dute. Goierri
Larunbatean Euskadiko mendiko bizikleta txapelketa egingo dute Urretxun, 16:00etatik aurrera. Parte hartzaileek Irimo mendiaren magalean prestatutako 4,87 kilometroko zirkuitua egingo dute. 200 txirrindulari baino gehiagok parte hartzea espero dute.
Goierri kirol elkartekoek prestatutako zirkuitua Santa Barbaran hasi eta amaitzen da. Santa Barbara 531 metrora dago eta ibilbideko puntu altuena 799 metrora. Ibilbidea oso gorabeheratsua da.
Haur mailako txirrindulariak 15:40ean irtengo dira. 16:00etan, berriz, Elite mailakoak, 23 urte azpikoak eta Master 30 mailakoak abiatuko dira. Lehenengo bi mailetakoek ordu eta erdi emango dute bizikleta gainean eta Master 30 mailakoek 75 minutu.
16:02ean gazte mailako txirrindulariak eta Master 40, 50 eta 60ak abiatuko dira. Hauek 60 minutu emango dituzte bizikleta gainean. Bukatzeko, 16:04ean emakumezkoak eta kadete mailako mutil eta neskak irtengo dira. Lehenengoek ordubeteko saioa osatuko dute eta bigarren taldekoek 45 minutukoa.
Larunbatean bertan izena emateko aukera egongo da eta txirrindulariak Ipeñarrieta jauregi paretik abiatuko dira. Bertaratzen direnek Santa Barbaran bertan eta Odriozolaren lursailean utzi ahal izango dituzte autoak.