Gure Esku Dagok festa antolatu du larunbaterako
Gure Esku Dagok (GED) Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean giza kate erraldoi batekin: 201,9 kilometro eta 100.000 lagun. Urretxu eta Zumarragako GED taldeak Izen Emate Masibo festa
Gure Esku Dagok (GED) Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean giza kate erraldoi batekin: 201,9 kilometro eta 100.000 lagun. Urretxu eta Zumarragako GED taldeak Izen Emate Masibo festa antolatu du larunbat honetarako, giza katerako jendea lortzeko. Asteartean prentsaurrekoa eman zuten giza katea eta festa aurkezteko.
Giza katean parte hartzeko arrazoiak eman zituzten. “Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko borondateaz gain, euskal herritarrok milaka arrazoi ditugu gure etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun erabakitzeko. Egunerokoan modu indibidualean zein kolektiboan eragiten diguten afera askok, erabakimenaren auzia dute muinean. Erabakiak Euskal Herrian hartu beharrean, Euskal Herritik kanpo hartzeak gugan eragin zuzena du. Hezkuntza sistema, pentsioak, hizkuntza eskubideak, parekidetasuna, lan baldintzak eta euskal herritarroi zuzenean eragiten diguten beste hamaika alorren inguruan, bertan, gure herrian erabakitzeak, herritar guztiontzako onurak ekarriko lituzke ezbairik gabe”.
Aldarri horien guztien topaleku izan nahi du ekainaren 10eko giza kateak. “Etorkizunean nahi dugun herria gaurtik eraikitzen hasi behar dugu. Horretarako, ezinbestean, nolako estatus politikoa nahi dugun erabakitzera eramango gaituen bidea elkarrekin egin behar dugu. Herri gisa jarduteko ordua da. Elkarren arteko desberdintasunen gainetik, elkartzen gaituen horri heltzeko garaia da. Elkarri eskua emateko milaka arrazoi ditugulako, helburu berak batzen gaituelako, gure etorkizuna guk geuk erabakitzea nahi dugulako, askatasunez eta berdintasunez. Horregatik, ituntzeko garaia heldu zaigu, une hobeago baten zain gelditu gabe. Has gaitezen sentitzen eta sinesten gure gaitasunetan, gure indarrean. Eman diezaiogun elkarri eskua eta har dezagun bidea”.
Ekainaren 10eko gizakatean, urretxuar eta zumarragarrei Arabako lautadara joatea egokitu zaigu. Murgia aldera. Autoentzako nahikoa aparkalekurik egongo ez denez, autobusean joatea komeni da. Bi autobus egongo dira: egun osokoa eta goizekoa. Biak 08:30ean irtengo dira, Zumarragako plazatik. Goizekoa giza katearen ondoren itzuliko da herrira. Egun osokoak herritarrak Gasteizen ospatuko den festara eramango ditu. Arratsaldean itzuliko da Urretxu-Zumarragara.
Izena ematen dutenei, giza katean erabiltzeko eta erabakitze eskubidearen aldeko arrazoiak idazteko zapi bat emango zaie 5 euroren truke. Autobusari dagokionez, helduek 10 euro ordainduko dute eta haurrek 5.
Izena eman nahi dutenek, arratsaldero horretarako aukera dute: 19:00etatik 20:00etara Areizaga-Kalebarren plazan. Larunbateko festan ere eman ahal izango da. Festa hau Gernikako Arbola plazan izango da. Herri kirolak, tailerrak, haur txokoa, paella erraldoia, zuzeneko musika… egongo dira 12:00etatik aurrera.