Katxalin Elkarteak Goierriko emakumeei zerbitzua emango die Ordiziako Zuhaizti zentrotik. Datorren asteartetik aurrera egongo da erabilgarri zerbitzu berriaKatxalin Elkarteak, Bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen el...

Katxalin Elkarteak, Bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteak, bulegoa irekiko du aste honetan bertan, Ordiziako Zuhaizti zentroan, eta datorren astetik aurrera behar duten emakume guztiei zerbitzua emateko moduan egongo da. Horrela jakinarazi zuten atzo, Ricardo Dubreuil Ordiziako Ongizateko zinegotziak, Katxalin Elkarteko ordezkariak diren Edurne Iruinek eta Garbiñe Aramendik eta Lierni Irastorza udal teknikariak.
Ordiziako Udalaren eta Katxalin Elkartearen arteko elkarlana «ez da berria» Dubreuilek berak adierazi zuenez. Izan ere, urtean zehar antolatzen diren ekintza ugaritan aritzen dira elkarrekin: «bularreko minbiziaren detekziorako egiten diren kanpainetan, boluntariotza sustatzeko antolatzen den azokan, osasun batzordean, diru bilketetan, sentsibilizazio kanpainetan eta baita beste hainbatetan ere» gogorarazi zuen Dubreuilek.
Orain, elkarlanaren bidean pauso bat gehiago eman nahian, Zuhaizti zentroan bulegoa irekiko dute. Dubreuilek berak argitu zuenez «ez da bakarrik Ordiziako emakumeentzako zerbitzu bat izango, Goierri osoko emakumeak etor daitezke behar duten kontsulta egitera».
Garbiñe Aramendi, Katxalineko kidea da eta berak bere aza-lean bizi izan zuen minbizia. Berak adierazitakoaren arabera, «behar-beharrezkoa zen horrelako zerbitzua eskaintzea». Izan ere, Katxalineko kide den heinean, emakume askok gelditzen du kalean, dituzten kezkak argitu nahian eta berak adierazi zuenez «kalea ez da horrelako gauzetaz hitzegiteko toki egokiena eta bulego bat izateak, kontsultak modu diskretoagoan egiteko aukera emango digu».
Asteartetik aurrera abian

Zerbitzua, Zuhaizti zentroan kokatuko da eta
Katxalin-Goierri, asistentzia eta arretarako zerbitzu boluntarioa izena izango du. Helburua, elkarteak antolatu eta garatzen dituen jarduerak eta programak bularreko eta ginekologiako minbiziagatik afektatuei gerturatzea da. «Badakigu ez dela batere erreza gaixotasunarekin bizi eta gainditzeko borrokatzea, horregatik, gaixotasuna sufritzen duenari galdutako indarra berreskuratzen eta eguneroko zailtasunak gainditzen lagundu nahi diogu», nabarmendu zuen Dubreuilek.
Bulegoa, datorren asteartetik aurrera egongo da irekita, 17:00etatik 19:00etara eta Aramendi bera izango da bertan arreta ematen egongo den emakume boluntarioetako bat. Momentuz bera hasiko bada ere, «arreta emateko emakume talde bat osatzea da helburua» Aramendik adierazi zuenez.
Arretarako bi arlo
Katxalin Elkartearen zerbitzuak bi arlotan banatzen dira: asistentzia eta arlo psikosoziala. Lehenenegoan, informazio orokorra, prestazio ekonomikoen berri ematea, ebaluazio soziala, peluka eta protesien mailegua eta gaixoei berehalako harrera lantzen dituzte, besteak beste. Arlo psikosozialean, berriz, bazkideen arteko harremanak sendotzeko ekintzak egiten dituzte.