Goiz gerezia betiko garaian ekarri dute feriara
Gorri kolorea nagusitzen ari da feria guneko postuetan. Urteko lehen tipula gorri buruak eta gereziak salgai jarri dituzte dagoeneko, eta marrubiak ugaritzen ari dira astetik astera.
Gabiriakoak izan dira aurtengo hemengo lehen gereziak, Noare eta Oñatibi Txiki baserrietakoak. Juanita Lazkanok esan zigunez, «goiz gerezia edo ginda ere esaten diogu honi». Bi kaxa ekarri zituen, baina «txoriak daramatzate gehienak, gaur ere gu jaiki aurretik ari ziren haiek gustura, haientzako ez da ilunik» aipatu zigun birigarro, zozo eta abar gogoan. Kiloa 4 euroan zen.
Lehen tipula gorri buruak ere ekarri zituzten; euroan zen salgai hiruko sorta postu batean baino gehiagotan. Errepoilo aza ere eskaintzen hasi dira, 1,5 eta 2 euro artean burua, baba berriekin nahasteko aproposa: udaberri gustudun menu egokia. Halakoa izan zen plazan propio jarritako sukaldean Lazkaoko Al- dasoro Berri jatetxeko Juanjo Martinez de Rituertok prestatutakoa: zainzuri pastela pikillo saltsan besteak beste, zainzuriaren hilabeteari bukaera emanez. Hurrengoa, gereziarena.
Aire libreko marrubiak Aramako Arantxa Zurutuzak ekarri zituen. Postua dotore asko zuen Goikoetxeberrikoak, etxeko peonia, kala eta larrosekin osatutako lore sortekin. Bakoitza 5 euroan zuten salgai..
Eta gutxi batzuk, muestrarako lain: lehen Gernika eta piper luze gozoak. Azkoitiatik Uzinek ekarri zituen, eta aire batean eskuetatik kendu zizkioten.
Mikologia atalean ziza ugari: 450 kilo, hemengo 10 bat kilo tartean, gehienak 30 euro inguruan kiloa. Alde handia zegoen merkeenen eta garestienen artean (12tik 50era). Onddo eta zizahoriak ere baziren
Landare postuetan mugimendu dezente, baina irudi du kolperik handiena pasatu dela. Eskaintza handia dago eta laster hasiko dira udazkenekoak. Urteko porrua aukeran da, baina oraindik astia bada hori landatzeko.
Kanpokoetan gorria nagusi
Gorri kolorea nagusitzen hasi da kanpoko postuetan ere, Atzo, erosle ugari erakarri zituen gereziak. Kilo asko ziren salgai postuz postu.
Fruta eskaintza handitzen ari da astetik astera, sandia, brinoia, muxika, paraguaioa, albertxikoa, meloia… horiek guztiak Iberiar penintsulatik ekarriak. Aldiz, itsasoz bestaldetik, Zelanda Berritik ekarriak dira orain salgai diren kiwiak. Hemengoak jateko datorren udazken edo negura arte itxaron beharko dugu oraiindik.













