Harrera familiek behar dute beroa
Gipuzkoako harrera familien Beroa elkarteak Ataunen ospatuko du igandean XIII. Elkarbizitza Jardunaldia. Jatorrizko familiaren babesik gabe geratu diren haurrak hartzeko beharra dago.
Beraien bi ume bazituzten familian. Baina beste bi hartzea erabaki zuten. Beharra zeukatelako haurrek, eta kide gehiago nahi zituztelako familian, beraiek. Bestetik, etxe goxo batean bizitzeko gabezia konpon ziezaieketelako ere bai. Harrera egoeran haurrak hartzen dituzten edozein familiaren erretratua da hori. Sinplea bere konplexutasunean, aberatsa bere gordintasunean.
Ataunen elkartuko dira, igandean, Gipuzkoako harrera familien Beroa elkarteko kideak. Urteko juntadizoan azalduko dituzte kezkak, ezinegonak, za- lantzak; eta pozak. «Gure inguruan haurtzaro arrunt batez gozatzen ari ez diren haurrak eta nerabeak daude. Uste baino gehiago dira, eta behar baino gehiago sufritu dute. Harrera familiak behar dira», dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako sailak. Diputazioa da haur horien legezko tutore.
Harrera familia baten berri
«Bi haur bagenituen, eta etxean neska txinatar bat adoptatzeko asmoarekin genbiltzan. Baina harrera familiak behar zirela entzun genuen, hor sartzea erabaki genuen», dio Edurnek, zehaztu nahi ez duen Goierriko harrera familia bateko amak.
Beren familiarik ez, edo han arazo larriak dituzten haurren egoerak «sentiberatuta» erabaki zuten hartzea. Bat iritsi zen lehenengo, eta bigarren bat dute orain urgentziaz hartuta, baina era iraunkorrean hartzekotan.
Harrerako haurrek jatorrizko familiekin egoteko eskubidea dute, eta egoten dira. «Egunerokotasuneko gauzekin segitzen dute umeek, baina batzuetan galdetzen dute beren egoeraz».
«Desberdinak» direla badakite harrerako umeek. Baina benetako familia baten beroa eta maitasuna jasotzen dute hartu dituen sendian. «Integratuta daude, guk ez dugu bereizketarik egiten seme-alaben artean».
Beharra «gero eta gehiago» da.
Goizean elkartuko dira familiak Ataunen
Beroa elkartearen XIII. Elkarbizitza Jardunaldia Ataunen ospatuko dute, igandean. 10:00etan harrera egingo diete Gipuzkoa osotik etorriko diren familiei. Helduak eta haurrak banatuko dituzte, eta sail bakoitzak beretzako aproposak diren ekitaldiak izango ditu. Harreraren egoerari eta egunerokoari erreparatuko diote. 10:30ean hasi eta bazkal ordura arte, hitzaldi, solasaldi, elkarrizketa eta jardunaldia egingo dute. Harrera zer den, haur horien formazioa, 18 urte betetakoan eta adinez nagusi bihurtutakoan zer gertatzen den, hartzaile aktiboen eta pasiboen paperak… jorratuko dituzte. Hitzaldirako proposamena 10:30ean egingo dute, eta 10:45ean hasiko da jardunaldia. 12:00etan etenaldi bat egingo dute, kafea hartzeko, eta ordu erdi geroago jarraituko dute solasaldiarekin. Haurrek, beren aldetik, jokoak eta jolasak izango dituzte. Egitaraua lagun arteko bazkariarekin bukatuko da (14:00).













