Herriartekoan Ataun bikain; Lazkao, Olaberria eta Zumarraga lanekin; eta Beasain kanpora
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa ari da txanpa erabakigarrira hurbiltzen. Asteburu hau esanguratsua izango da, talde bakoitzaren benetako ahalmena zein den erakusteko.
Eskuz, Ataun geldiezin doa aurrera. Final zortzirenetan Errenteria 6 eta 0 menperatu du, eta finalaurrekora iritsi da. Aurreko asteburuan, Errenterian jokatutako jardunaldian ere 0-3 irabazi du Ataunek. Kadeteetan, Aitor Kerejeta-Unai Goikoetxeak 19-22 irabazi zuten; jubeniletan Arkaitz Baztarrika-Josu Etxeberriak 2-22; eta nagusietan Iraitz Zubizarreta-Ibai Arratibelek 3-22.
Final-laurdenetan Zizurkil egokitu zaio Atauni. Joaneko jardunaldia Ataungo Auzoeta kiroldegian izango dute, bihar, ostirala, 19:00etan.
Eskuko bigarren ordezkari goierritarra, Beasain, kanpora geratu da final zortzirenetan. Oiartzunek kanporatu du (2-4). Lehengo igandean, Antzizarren, 1-2 galdu zuen Beasainek, eta Oiartzungo aldea baino handiagoekin gainera. Kadeteetan, Enbil-Olanok 5-22 galdu zuten, jubeniletan Sarriegi-Urdangarinek 1-22 galdu, eta nagusietan Azketa-Garmendiak 22-8 irabazi.
Palan, Lazkao eta Olaberria atzetik
Finalera sartzea dute jokoan Lazkaok eta Olaberriak asteburuan, palan, baldin eta finalaurreko koska gainditzen badute. Atzera-karga handiarekin dira, joaneko jardunaldian bi partidak galduak baitira bi taldeak, aurreko asteburuan.
Lazkaok, Oiartzunen aurka, 0-2 galdu zuen iragan asteburuan, Barandiaran kiroldegian. Paleta larruz 24-35 eta pala motzean 39-40. Itzulikoan, bi partidak irabazi beharraz gain, 9 tantoko desabantaila ere neutralizatu beharrean dira. “Itxaropentsu gaude, aurkako markagailua izan arren, kanporaketa irauli eta finalera sailkatzea lor daiteke”, azaldu dute Lazkaoko palariek. Oiartzunen aurka, baina Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko dute itzulikoa, bihar, ostirala, 19:45ean.
Olaberriak ere antzeko aldapa du igo beharra. Errenterian bi partidak galdu zituzten, paleta larruz 35-29 eta pala motzarekin 40-34. Garrido-Iker Arrieta eta Gari Arrieta-Olaran bikoteek ez dute itsasontzia hondoratutzat eman, hala ere. “Zapatu goizean, herrian bi partidak irabazi eta finalera sailkatzen saiatuko gara. Lan zaila da, baina ez ezinezkoa. Herritarren animoz eta etxean saiatuko gara balentria egiten”. Larunbatean 11:00etan dute itzulikoa, Olaberriko Udal Pilotalekuan.
Paleta gomaz, Zumarraga 1-2 atzetik
Final-laurdenetan lehiatzen ari da Zumarraga, paleta gomazko adarrean, Tolosaren aurka. Joaneko jardunaldian, Belokin, 1-2 atzetik geratu zen, lehengo asteburuan. Juanenak 7-20 galdu zuen (banaka), eta Josu Vianak 13-20 (zazpi koadroan banaka). Garaipena —eta itxaropena— binakakoan lortu zuten Andueza-Rodriguez zumarragarrek, 20-5 sendo batekin irabazita.
Itzuliko neurketak Tolosako Beotibarren jokatuko dituzte, larunbatean 19:00etan. Bi partida irabazi beharko ditu gutxienez Zumarragak, eta 6 tantoko abantaila atera guztizkoan.