Kalegorrian jaialdiko kontzertuak egun bakar batean izango dira
Igandean Kalegorrian jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute Santa Barbaran. Ainara Legardon, Amorante, Rrucculla eta Elkano Browning Cream-ek joko dute. Gainera, DJ Beirut-ek giroa berotuko du kontzertuen artean. Bestalde, 16:00etatik aurrera
Igandean Kalegorrian jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute Santa Barbaran. Ainara Legardon, Amorante, Rrucculla eta Elkano Browning Cream-ek joko dute. Gainera, DJ Beirut-ek giroa berotuko du kontzertuen artean. Bestalde, 16:00etatik aurrera haurrentzako tailerrak egongo dira. Sarrera doan izango da eta laguntza bonoak jarriko dituzte salgai.
Jaialdi hau Kalegorrian Urretxu elkarteak antolatu du, Udalaren, KKinzona irratiaren, gaztetxearen eta Santa Barbara aterpetxearen laguntzarekin.
Aurten, lehenengoz, kontzertu guztiak egun bakar batean izango dira. Eguraldi ona egiten badu aterpetxearen aurrealdean izango dira eta txarra egiten badu baseliza barruan. «Musikariei baselizan jotzea asko gustatzen zaie, toki goxoa delako eta akustika ona duelako, baina guk eguraldi ona egitea nahiago dugu», esan du Kalegorrian Urretxu elkarteko Gorka Erostarbek.
Ainara Legardon bizkaitarrak 12:00etan joko du. Musikari honek rock alternatiboa jotzen zuen eta egun esperimentazioa atsegin du.
Amorante (Iban Urizar) elgoibartarrak bigarrengoz parte hartuko du jaialdi honetan. Instrumentu asko jotzen ditu eta tradizio ezberdinetatik edaten du. Herrialde ezberdinetako musika tradizionalak bere egiten ditu: euskal musika, flamenkoa, musika afrikarra, bossa nova… Bere kontzertua 13:15ean hasiko da.
Arratsaldeko kontzertuak
Beste bi kontzertuak arratsaldean izango dira. 18:00etan Rru-cculla (Izaskun Gonzalez) bilbotarrak joko du. Electro-jazza jotzen du, bateriarekin.
Diskoa kaleratu du duela gutxi eta dagoeneko jaialdi garrantzitsuetako antolatzaileek deitu diote.
Bukatzeko, 19:30ean Elkano Browning Cream taldeak joko du. Musika beltza da beraien proiektuaren zutabea. Musika «goxoa» jotzen dute, «dantza egiteko egokia». Urretxun Bor Bor diskoa aurkeztuko dute.
Talde honen sortzailea Mikel Azpiroz donostiarra da. Bere garaian Lau Behi taldea sortu zuen eta Fermin Muguruzarekin ere jo du. Hammond organoa jotzen du. Bere ama Ormaiztegikoa da eta pozez hartu du Kalegorrian Urretxu elkartekoen deia.
Kalegorrian Urretxu elkartearen helburua kalean doaneko kontzertuak eskaintzea da. Horretarako, hasieratik, Santa Barbara aukeratu zuten. Elkartekoen ustez, oso garrantzitsua da kontzertuak aire librean izatea, musika gehiago bizitzeko eta jendearen arteko harremana bultzatzeko.
Euskarari ere garrantzia handia ematen diote. Inguruko musika taldeak ekartzen saiatzen dira, euskaldunak, baina kanpokoak ere ekartzen dituzte.