La Sallekoak lehenengo geratu dira Gipuzkoako ligan eta Ilintxa erregional preferente mailara itzuli da
Legazpiko Udalak La Salle Laubide jatetxea eskubaloi taldeko kideei eta Ilintxako nagusien taldeari aurtengo denboraldian egindako lan onari aitortza egin dio. Taldeak udaletxean hartu eta oroigarri bana eman zieten. La Sallekoak Gipuzkoako lehenengo mailan txapeldunak izan dira eta Ilintxakoak erregional preferentera itzuli dira.
La Salleko taldean jokalari gazteak aritu dira eta aurten asmoa “taldea uztartzea” zela esan du Manolo Mugerza entrenatzaileak, “taldeak funtzionatu du eta garaipena lortu dugu, nahiz eta bigarren nazionalera igotzeko txartelik ez dugun lortu”. Datorren denboraldian garaipena berriro lortu, eta nazional mailako txartela lortzea buruan dute.
Ilintxako jokalariek argi dute “dagokigun kategoriara” igo direla, “hor egon behar gara eta itzuli gara”.
Udalbatzako kideek kirolariak zoriondu zituzten, egindako lanari aitortza egin zieten eta datorren denboraldirako animoak eman zizkieten.