Alazne Furundarena atleta ordiziarra (erdian), 2016an jokatutako Ordiziako Atletismo Mitinean. // A. Apalategi
Alazne Furundarena Atletico San Sebastian taldeko atleta ordiziarrak urrezko domina lortu du Euskadiko Txapelketan, 100 metroko lasterketa irabazita. Durangon jokatu zuten proba, larunbat arratsaldean. Haize gogorrak asko eragin zien atleten lanari, eta batez ere, korrikalariei dagokionean.
Furundarenak 11.95 segundoan egin zituen 100 metroak. Proba irabazi bazuen ere, ez da bere denborarik onena izan. “Denbora ez da ona. Espero dut datorren astean Salamancan dena hobeto joango dela”. Izan ere, Nazioarteko Errelebo Topaketa eta Salamanca Hiria Trofeoa jokatuko dituzte hilaren 8 eta 9an.
Joseba Berasain, pisu jaurtiketan
Pisu jaurtiketan, Txindoki atletismo taldeko Joseba Berasain legorretarrak irabazi du urrezko domina, 7,2 kiloko harria 14.05 metroko jaurtiketa eginda.
Romanescu dominarik gabe
Gizonezkoen 100 metrokoan, Real Sociedad taldeko Octavian Mihail Romanescu izan zen azkarrena, 10.85-eko denbora eginda. Beasainen bizi bada ere, atzerritar fitxa du ordea Romanescuk, eta dominarik gabe gelditu da. Haren ordez, bigarren bukatu zuen Alvaro Cerron santurtziarrari eman zioten urrezko domina.