Ekainean hasiko dira Argixaoko atletismo pista berritzen
Zumarragako Udaleko osoko bilkuran Argixaoko atletismo pistaren berrikuntza ekainean hasiko dela eta ospitaleko aparkaleku berriko obra Campezok egingo duela eman zuten ezagutzera. Bestalde, garapen ekonomikoa helburu duen ZumarragarEKIN programaren oinarriak
Zumarragako Udaleko osoko bilkuran Argixaoko atletismo pistaren berrikuntza ekainean hasiko dela eta ospitaleko aparkaleku berriko obra Campezok egingo duela eman zuten ezagutzera. Bestalde, garapen ekonomikoa helburu duen ZumarragarEKIN programaren oinarriak eta deialdiak onartu zituzten.
Ekainean hasiko dira Argixaoko atletismo pista berritzen. Aurrekontua 224.000 eurokoa izango da eta aldundiak diruaren erdia jarriko du. Lehiaketara lau enpresa aurkeztu ziren eta Sports Services Dos Estrellas enpresak egingo ditu lanak. Egungo pista kendu eta berria jarriko du. Lanek bi hilabeteko iraupena edukiko dute.
Osoko bilkuran ospitaleko aparkaleku berriaren esleipena ere onartu zuten. Lehiaketara zortzi enpresa aurkeztu ziren eta lanak Campezori esleitu dizkiote. Aurrekontua 490.000 eurokoa da. Dirua Eusko Jaurlaritzak jarriko du. Lanek bospasei hilabeteko iraupena izango dute. 11.000 metro koadroko lursailean (Iturbene baserria zegoen tokian), 205 autorentzako aparkalekua egingo da. Obra uztailean hasiko da
Mikel Serrano alkateak ospitaleak 25 herriri eta 100.000 pertsona baino gehiagori zerbitzu ematen diela gogoratu zuen. «Oso albiste ona da Zumarragarentzat eta ospitaleko erabiltzaile guztientzat». Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Osoko bilkuran ZumarragarEKIN programako oinarriak eta deialdiak ere onartu zituzten. Programa honen helburua ekonomia suspertzea da. Udalak 100.000 euro banatuko ditu.
Sei laguntza mota egongo dira: 20.000 euro enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzea helburu duten proiektuentzat, 10.000 euro merkatari, nekazari eta abeltzain berrientzat, 7.500 euro lokal hutsetako erakusleihoei erabilpena emateko, 25.000 euro merkatariak behar berriei egokitu daitezen, 30.000 euro familiei ikasturte berriko gastuei aurre egiten laguntzeko eta 7.500 euro enpresa berriak martxan jartzen dituztenentzat.