Ordizia eta Ariznabarra taldeen arteko partida, Altamiran // Argazkia: Jose Mari Erauskin.
Hirugarren mailara zuzenean igotzeko aukera galdu bazuen ere, Ordiziak igoerarekin amesten jarraitzen du. Asteburuan jokatu dute igoera faseko lehen partida, eta taldeak denboraldi osoan zehar erakutsi duen maila ona eman du. Etxeko zaleen babesarekin, urdinek 2-0 mendean hartu zuten Ariznabarra. Oskar Erauskin eta Aratz Garmendia izan ziren gol egileak.
Igoera fasean hiru talde ari dira parte hartzen; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ligetako bigarren sailkatuak. Hala, Ordizia eta Ariznabarrarekin batera, Iurretako da ligaxkako hirugarren taldea. Igoera fase honen joko sistema dela eta, litekeena da hiru taldeen artean berdinketarekin bukatzea; hori dela eta, Ordiziak eta Ariznabarrak penalti txanda jokatuta utzi dute; ordiziarrek 5-4 irabazi dute hor ere.
Datorren asteburuan jokatuko dute bigarren eta azken partida ordiziarrek, eta etxetik kanpo izango da. Iurretako izango dute aurkari, larunbat arratsaldeko 17:00etan, Larrako-Zelain. Aurreneko partidan ondo bideratu dute igoera, baina datorren asteburuan errematatu beharko dute lana ordiziarrek.