Lan bilaketa digitala
Internetek lan-bilaketaren jardunean erabateko iraultza suposatu du. Gaur egun, gazte gehienek lan bila hasterako orduan aukeratzen duten bitartekoa da sarea, eta honek eskaintzen ...
Internetek lan-bilaketaren jardunean erabateko iraultza suposatu du. Gaur egun, gazte gehienek lan bila hasterako orduan aukeratzen duten bitartekoa da sarea, eta honek eskaintzen dituen plataforma digital ezberdinak. Lan bilaketarako aro digitalean buru belarri sartuta gaude.
Tapuntu komunikazio taldeko kideek asko dakite gaiaren inguruan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean (gipuzkoangazte.eus) eskainitako elkarrizketa batean, lana bilatzeko modu berri hauen inguruan aritu dira. Lan bilaketa digitala lan bilaketa tradizionalarekin —curriculumak eskura entregatzearekin— guztiz osagarria dela uste dute. «Helburu profesionala zein den argi badugu, erabili beharreko bideak erabakitzea errazagoa izango da», diote.
Lan-bilaketa digitalak dituen indarguneez galdetuta, hainbat nabarmendu dituzte. Muga geografikorik ez izatea, sektore batean erreferente bilakatzeko aukera eskura jartzea, norberaren alorreko profesional ezberdinekin informazioa eta aholkuak partekatzeko aukera eskaintzea, edo argitaratutako informazioa egokitzeko edo aldatzeko aukera izatea edozein unetan, besteak beste.
Izan ditzakeen ahulezien artean aipatu dituzte, bestalde, «baliabide digitalak gaizki kudeatuz gero eman nahi ez dugun irudia zabaltzea sarean, edo inongo helburu zein erabilpen irizpiderik gabe, esparru digitalean lana bilatzen hasteak denbora galerak eta frustrazioak» sor ditzakeela.
Lan-bilaketa eraginkor bat egin ahal izateko, garrantzitsua da, hasieratik, zenbait irizpide argi izatea. Hasteko helburu profesionala zehaztu behar da, eta helburu horrekiko nola gauden aztertu: «Indarguneak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak definitu». Behin aurreko pausoak emanda, plangintza bat diseinatzea gomendagarria da «pauso guztiak definitzeko epeak eta lehentasunak errespetatuz».
Gainera, pertsona bakoitzak «bere helburu profesionalen araberako tresna digitalak aukeratu beharko lituzkeela», uste dute. Nagusienak hauek lirateke. Pinterest, diseinu munduko profesionalak biltzen dituena. Flickr, argazkigintzan dabiltzan profesionalentzako. Blog-ak, marka pertsonala sortu, indartu edo landu nahi dutenentzako. Foursquare, komertzio txikientzako interesgarria. LinkedIn, goi-mailako ikasketak dituzten profesionalak batzen dituen sarea. Facebook eta Twitter.