Beasain taldean jokalari eta entrenatzaile aritu ondoren, erronka berria du Urtzi Arrondok, 2. B mailako Gernika taldea entrenatzea. Ilusioz eta gogoz hartu du aldaketa.

Guztira 22 urte egin ditu Beasain taldean Urtzi Arrondok (Beasain, 1980), jokalari, bigarren entrenatzaile eta entrenatzaile gisa. 2014. urtean Hirugarren mailako Beasain taldea entrenatzeko ardura hartu zuen eta beasaindarrek gogoan dute 2016-2017 denboraldian igoerako play off-ean egindako lana. Gernika taldearen deiari erantzunez, 2. B mailan entrenatzeko urratsa egitea erabaki du Arrondok.
Beasain taldea uztea erabaki duzu. Zergatik?
2. B mailako Gernika taldea entrenatzeko aukera mahaiaren gainera etorri zitzaidan eta nire ustez ezin nion ezetzik esan. Zerbait gehiago egiteko aukera daukat entrenatzaile bezala. Pena hartu dut bidean utzi dudanagatik, Beasain nire taldea delako. Baina nik uste dut aurrera urrats bat gehiago egiteko aukera dela. Sekulako ilusioa egin dit, aldaketekin gustura nago.
2. B mailan jokatu izan duzu, entrenatu ez.
Iaz aukera izan genuen Beasain taldearekin 2. B mailarako play off-a jokatzeko eta esperientzia berria bizitzeko. Baina azkenean aukera hau etorri zait, Gernikatik deitu didate eta, egia esan, klub aldetik nahiko antzekotasun du Beasainekin: nortasun handiko taldea da, bertako jendearena. Beti aurkari izan dut Gernika, bai jokalari nintzenean bai entrenatzaile nintzenean, eta beti gustuko taldea izan dut. Hautatua izan naiz eta oso eskertuta nago, izugarrizko ilusioarekin.
Kirol ikuspegitik, nolako taldea da Gernika?
Duela hiru urte igo ziren 2. B mailara. Lehenengo bi urteetan justu ibili ziren, baina aurten oso-oso denboraldi ona egin dute; bukaerara arte goiko postuetan egon dira eta azkenean zortzigarren bukatu dute. Ondorioz, aukera izango dugu hurrengo denboraldian Errege Kopa jokatzeko. Egia esan, nahiko talde egonkortua da bai kirol mailan, bai instituzio mailan. Taldeak dituen baloreak ere kontuan hartu ditut Gernikara joateko.
Errege Kopan jokatzea aukera polita izaten da behe mailetako taldeentzat, talde handiagoen aurka jokatzeko.
Sekula jokatu gabe dagoenarentzat beste gauza bat gehiago da, polita da. Aurreko urtean egindakoaren saria da. 2. B mailako lehenengo sei taldeek edukitzen dute Errege Kopa jokatzeko aukera, baina aurten sei lehenengoetan bi filial sailkatu direnez, zortzigarrenak ere aukera izango du kopa jokatzeko.
«Gernika entrenatzeko aukera etorri zitzaidan eta ezin nion ezetzik esan»
«Hautatua izan naiz eta oso eskertuta nago, izugarrizko ilusioarekin»
Zein zaporerekin zoaz Beasaindik? Aurten ez duzue 2. B mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko posturik lortu. Ondo hasi zenuten denboraldia baina azkenerako luze egin zaizue denboraldi hori.
Urte zaila eta gogorra izan da, play off-a jokatuta, atseden gutxirekin. Lehenengo itzulia lehenengo postuan bukatu genuen, bigarrenari alde pixka bat aterata, eta lehenengo postua lortzeko borrokatu genezakeela ikusten genuen. Baina lesioak hasi ziren, gol asko sartu zituen
Ketxe joan egin zen… kosta egin zitzaigun jokalariak bilatzea eta azkeneko zatian nahiko makal aritu gara etxean. Bolada txarra hartu genuen nahiko bukaeran eta ezin izan genuen borrokatu laugarren postua lortzeko.
Pena handia ematen du Beasain uzteak, azken batean familiako parte izan delako, eta horrela izaten jarraituko du, ez futbolean lortutakoagatik, baizik eta egindako lagunak hor daudelako. Pausoa ematea kosta egiten da baina nik uste dut ulergarria dela denontzat aukera aprobetxatzea. Inoiz ez dut aterik itxi nire betiko taldean. Oso eskertuta nago taldearekin, eta hau ez da behin betiko agur bat. Edozein gauzatarako laguntzeko prest egongo naiz.
Nola uztartuko duzu lana eta futbola?
Murrizketarekin egon naiz orain arte, baina orain eszedentzia hartuko dut, gauzak hobeto prestatzeko eta etxean ere gehiago laguntzeko. Urtebeteko proba egingo dut eramangarriagoa izateko.