Abiatu dira Goierritik Gure Esku Dagoren giza-katerako 50 autobusak
Goierritarrei Murgia ingurura joatea egokitu zaie, eta 170. kilometrotik 181.era arte egongo dira kokatuta
50 autobus inguru atera dira Goierritik Gure Esku Dagok antolatutako giza katera joateko. Goizeko 8:00etatik aurrera, jendez bete dira autobusak, eta Murgiarantz abiatu dira herri desberdinetatik. 12:00etan osatuko dute Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen katea, Eman eskua etorkizunari lelopean. 170. kilometrotik 181. kilometrora artean kokatuko dira, 175 eta 176.etan izan ezik, bertan Arabako eskualdeetako jendea egongo baita.
12:15ean Eusko Legebiltzarraren atarian mezuaren irakurketa egingo dute Gure Esku Dagoko kideek, eta 12:30ean askatuko dituzte parte-hartzaileek eskuak. Ondoren, hiriburuetara joko dute, jai giroan ospatzera. Antolatzaileen balorazioa 13:30ean izango da, komunikazio-gunean.
Badira bezperatik Murgian dauden goierritarrak ere. Guztira berrogeita hamar furgoneta eta autokarabana inguru elkartu ziren atzo bertan, eta giza katea ere osatu zuten. Ondoren, goierritarren argazkia atera zuten.
Joan ez direnek, giza katea zein ekitaldiak zuzenean jarraitzeko aukera daukate streaming bidez http://goierri.hitza.eus/ atarian.