Goierritarrek eskua eman diote etorkizunari
Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea bete dute goierritarrek. Zuia udalerrian (Araba) kokatu dira, eta 10 kilometro osatu dituzte guztira
Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea osatu dute Zuia udalerrian (Araba) goierritarrek. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko katean 10 kilometro bete dituzte. Eman eskua etorkizunari lelopean, Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko kideek erabakitzeko eskubidearen alde soilik mobilizatu ez direla adierazi dute, ”demokraziaren, oinarrizko eskubideen, eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ere eman diogu eskua elkarri”.
Goierritik 50 autobus ingurutan joan dira parte-hartzaileak, eta beste 50 autokarabana eta furgonetetan atzo joandako goierritarrekin elkartu dira. Euskal Herri osotik mila autobusetik gora antolatu dira, katearen eremu ezberdinetara iristeko. Goierritarrak 170. kilometrotik 181. kilometrora bitartean kokatu dira -175 eta 176 kilometroetan izan ezik, hauetan Arabako eskualdeetako parte-hartzaileak izan baitira-.
201,9 kilometroko katea osatu dute guztira, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz. 12:00etan osatu dute giza-katea, eta 12:15ean egin dute mezuaren irakurketa, Eusko Legebiltzarraren parean. Bertan, Amonarriz eta Oiarbidek gaur ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari direla aldarrikatu dute: bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren zikloaren hasiera hain zuzen. Ondoren, parte-hartzaileak gertuen duten hiriburura gerturatu dira, jai giroan eguna igarotzeko. Goierritarrek Gasteizera jo dute, eguraldia lagun, aldarrikapen egunean festa egiteko.
Lau urteren ondoren, borrokatuz eta saiatuz gero, etorkizuna herritarren esku dagoela aldarrikatu dute giza-katearekin. Eskuz esku herritarren erabakitzeko arrazoiak batu dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta gaur Eusko Legebiltzarren atarira eraman badituzte ere, bide luzeagoa egiteko asmoa dutela. Izan ere, gaurko 201,9 kilometroak ”2019. urtean urrats erabakigarriak emango diren itxaropen eta ilusioaren isla” direla adierazi dute.