Ataungo 54. San Martin Proba Asier Etxeberria iruindarrak irabazi du; eliteko txapelduna, Iker Eskibel eskoriatzarra
Ataunen atzo jokatu zen 54. San Martin Proba, eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulari amateurren Euskaldun torneokoa. Iruñeko Asier Etxeberriak (Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz) irabazi zuen lasterketa, 136 kilometro luzekoa eta Urkillagako igoera bikoitza zailtasun handiena zuena, Larraitzekin batera. Bakarrik helmugaratu zen Etxeberria (3:16:25), Urkillagako azken pasaeran 15 laguneko iheseko taldetxoari metro batzuk kenduta. Odei Juango lakuntzarra (Telco) eta Angel Coterillo espainiarra (Aiarabike) sailkatu ziren podiumean hurrena, jada 17 laguneko taldetxoaren buruan.
Asier Etxeberria iruindarra, Ataungo 54. San Martin probaren irabazlea, helmugaratzen./Euskadiko Txirrindularitza Federazioa
Errepideko Gipuzkoako Txapelketa ere bazen Ataungo San Martingo proba. Helmugara iristen lehen gipuzkoarra Iker Eskibel eskoriatzarra (Dorletako Ama T.E.) izan zen, 6. postuan. Eliteko txapela Eskibelek jantzi du. 23 urtez azpiko lehenengo txirrindulari gipuzkoarra Mikel Paredes Barandiaran (Lazkao, 1997) izan zen, 8. lekuan. Ondorioz, Paredesek jantzi du maila horretako Gipuzkoako txapela.
Mikel Paredes lazkaotarra, Gipuzkoako 23 urtez azpiko txapeldunaren sariekin, eta Asier Etxeberria taldekidea./Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz
San Martin proba korritzeko 122 ziklista zeuden izena emanda. 80 sailkatu ziren, bukaeran. Taldeka Caja Rural izan zen onena, mendiko sraia Diego Perezek (Cafes Baque) eraman zuen, eta tarteko helmugena Oier Lazkanok (Caja Rural). Lasterketaren lehen kilometroetatik, 15 laguneko taldetxoak egin zuen aurrera. Etxeberriak Urkillagako azken igoeran jo zuen eraso erabakigarria.