Natura bertatik bertara Oiangun
Ordiziako Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 540 ikaslek parte hartu dute Oiangu Natur Eskolan. Naturarekin harremanean, inguru hurbilari buruz gehiago jakitea ...
Ordiziako Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 540 ikaslek parte hartu dute Oiangu Natur Eskolan. Naturarekin harremanean, inguru hurbilari buruz gehiago jakitea eta hura maitatzen ikastea ditu helburu, besteak beste.
Gizartea pixkana-pixkana aldatzen ari da, eta naturatik gero eta urrutiago gaude. Hori aldatzeko asmoarekin, iazko ikasturtean jarri zuten abian Oiangu Natur Eskola proiektua, eta iazko esperientzia onaren ondoren, aurten ere, jarraipena eman diote. Aurten, gainera, eskaintza zabaldu egin dute, izan ere, Ordiziako Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklokoez gain bigarren zikloko haurrek ere parte hartu dute.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Ordiziako Udalaren laguntzarekin sortutako proiektu honetan, 8 eta 12 urte bitarteko Ordiziako ikastetxeetako nerabeak Oiangu parkera igo eta Aranzadiko begiraleekin egun osoko jarduerak egiten dituzte. Jarduera horiek bereziki dinamikoak dira, non ikasleek naturarekin harreman zuzen-zuzena izaten duten.
Aranzadiko kide Yoana Garzia ordiziarra aritu da Natur Eskola proiektuaren koordinazioan, eta «beste behin ere esperientzia oso emankorra» izan dela nabarmendu du. Hark eta haren lantaldean aritu direnek argitu dutenez, Oianguko altxor eta bitxikeriak ezagutzeko aukera izan dute Ordiziako ikasleek. «Horrela, era dibertigarri batean, gaztetxoei bertako natura erakustea eta honekiko errespetuzko jarrerak bultzatzea da proiektu honen helburu nagusia».
Apirilean hasi zen Oiangu Natur Eskola eta maiatzaren 30ean bukatu zen. Denera, Ordiziako ikastetxeetako 540 gaztetxok parte hartu dute.
Jolasaren bidez ikasten
Oiangu Natur Eskolan egiten dituzten ariketak «oso dinamikoak dira», Garziak adierazi duenez. «Goizean goiz Oiangura oinez igo, eta bertan egun osoa irauten duten jarduerak egiten ditugu, jolas librerako astia ere utziz. Umeak dira protagonistak eta guk jarritako erronkak argitzen saiatzen dira: txorien kantuak entzun, zuhaitz motak identifikatu, landareak aztertu edota intsektuak bilatu dira egin behar dituzten ariketetako batzuk».
Oiangu Natur Eskola, irakaskuntza tradizionalean ikasten denaren osagarri dela esan daiteke, Aranzadiko kideak azaldu duenez: «Natura edota ingurumena ikasgaiaren osagarri praktikoa da Oiangu Natur Eskola, paperean ikasten duten hori, bertatik bertara ikasi dezakete Oiangun».
Gizakiarentzat onura
Proiektu honek dituen helburuen artean «naturarekin esperientzia zuzenak izanez eta honekiko erlazio afektibo bat sortuz, naturarekiko errespetuzko jarrerak bultzatzea da, naturari buruz ikastearekin batera». Proiektuaren koordinatzailearen iritziz, ingurune naturaletatik «geroz eta urrunago» bizi da gaur egungo gizartea, eta ingurumenarekiko «ezagutza ugari galtzen ari» dira.
Oiangu Natur Eskolan, naturaren inguruan ikasi, hura maitatzen, errespetatzen eta babesten ikasi eta ongi pasatzeaz gain, pertsonentzat oso onuragarria den beste zerbait ere eskaintzen dute: «Jakina da, zenbateko onura dakarkigun ingurune berde batekin harreman zuzenean egoteak. Onura horiek bereziki garrantzitsuak bilakatzen direla umeen ikasketa prozesuan. Gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen dute, harremanak sendotzen laguntzen dute, konzentrazioa handitzen laguntzen dute eta gaixotasunak pairatzeko arriskua murrizten da, besteak beste».
Aurtengoak izan duen harrera ona ikusita, Aranzadiko kideak lanean jarraituko dute Oiangu Natur Eskola proiektuak aurrera segi dezan, eta etorkizun hurbilari begira erronka bat dute: «Natur Eskola ez litzateke hilabeteetako kontua izan beharko bakarrik, ikasten duten guztia ikusita, zein ongi pasatzen duten ikusita, eta gaztetxoentzat honek guztiak dituen onurak zeintzuk diren ikusita, Natur Eskola proiektua egonkortze aldera egingo dugu lan, urte osorako jarduera batean bihurtuz».
Oianguko lehen Ingurugiro Eskola 1990ean ireki zuten
Aspaldi itxi bazen ere, adinean aurrera doazenek ondo gogoratzen dute, Oianguko baserrian kokatu zuten Ingurugiro Eskola. 1990. urtean ireki zuten eta Aranzadik gaur egun Oiangu Natur Eskolarekin dituen helburu bertsuak zituen; pertsonen, kulturaren eta ingurumenaren hartu-emanak ulertzeko gaitasun eta jarrerak bultzatu etajabetzea, eta kontzienziatzea sustatzea.
Ordiziako eta eskualde osoko ikastetxeetako ikasleak pasatu ziren bertatik.