Ana Gisasolak bigarren liburua aurkeztuko du bihar Zelai Arizti kultur etxean
Ana Gisasola zumarragarrak bere bigarren liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Liburuaren izenburua El despertar de la consciencia da. Lehen liburuan gorputza garatzeko erramintak eskaintzen zituen
«Liburu hau koherentziaz bizi nahi duten guztientzat idatzi dut» Ana Gisasola (Idazlea)Bigarren liburuan irakurleak bere bizitzaren bridak hartzera gonbidatu ditu. «Pentsamenduak, sinismen faltsuek eta emozioek egunerokoan zein eragin duten azaltzen dut. Gizarteak katalogatu egiten gaitu eta norberak bere bizitzaren bridak hartu behar ditu, bere bizitzaren ardura hartu behar du». Ez dela erraza dio. «Lan pertsonal handia egin behar da eta koherentziaz bizi. Koherentziaz pentsatu, sentitu eta jokatu. Gorputza, burua eta izpiritua elkarrekin joan behar dira. Ez da erraza, gure gizartea oso hipokrita baita eta itxurari garrantzi handia ematen baitiogu. Baina ahaleginak merezi du, emaitza oso positiboa baita. Saria ahalduntzea da, koherentziarekin bizitzeak ematen duen segurtasuna». Liburua norbere nia aurkitu nahi duten guztiei zuzendua dago. «Liburu hau koherentziaz bizi nahi duten guztientzat idatzi dut. Diren bezalakoak azaldu nahi duten guztientzat. Maskararik gabe. Pentsatzen dutena eta sentitzen dutena askatasunez azaldu nahi dutenentzat». Hori guztia lortzeko, erreminta batzuk eskaintzen ditu. «Erreminta hauek erabiltzeko errazak dira. Edozeinek bere etxean erabiltzeko modukoak. Gainera, liburuak CD bat du praktika errazteko. Behar dugun gauza bakarra diziplina apur bat da. Eta, batez ere, kontzientzia hartzea».