Lehenengo ekintza bihar izango den arren, suziria etzi botako dute Maria Redondo abeslari legazpiarra bertan dela
Doinua musika eskolako Konbo eta Big Bandak hasiera emango diete bihar, 19:30ean, Legazpiko Hegialde auzoko jaiei. Festak badatozela iragarriko dute musikariek eta, etzi, suziriaren eztandak –18:00etan– jaiei hasiera ofiziala emango die Maria Redondo abeslari gazte legazpiarra bertan dela.
Suziriaren ondoren Legazpiko erraldoi eta buruhandi konpartsa (LEK) ibiliko da auzoko kaleetan trikitilariak lagun dituela. 18:30ean txorizo pintxoa banatuko dute eta 19:00etan Amanecer Ranchera taldeak doinu mexikarrak ekarriko ditu Hegialdeko jaietara. 22:00etan afari herrikoia izango da eta gauerdian Carisma orkestraren dantzaldia. Larunbata ekintzaz beteta dator. 11:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak izango dira: ohe elastikoak, puzgarriak, rokodromoa tirolinarekin eta beste hainbat jolas aukeran egongo dira. Eguerdian Kenpo Kai erakustaldia egingo dute, eta 13:00etan Alaitasuna errondailak emanaldia eskainiko du. Ondoren, bazkaria egingo dute auzotarrek, paella-jana. Bazkalostean haurrentzako jolas-gunea berriro irekiko dute 17:00etaraino. Jarraian, Goiherri tabernaren inguruan goitibehera lasterketa izango da. Korosti dantza taldeak sustatuta, Alakanteko Grup de danses d’Agres taldearen emanaldia izango da, 18:00etan eta 20:00etan Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia antolatu dute. Zezen Suzkoa aterako dute 22:00etan, eta gero dantzaldiari segida emango dio Ilargi Beltza taldeak.
Igandean, 10:30ean meza egingo dute Domingo Agirre ikastetxeko jangelan. Eguerdian adin guztietarako entzierroa antolatu dute eta, arratsaldean, 18:00etan, herri-kirol erakustaldia. 19:30ean txaranga aterako da kaleetara eta gauerdian jaiak aurtengoagatik agurtzeko azken traka botako dute. Hegialdeko jaiak galtzeko zorian egon ondoren, auzotar talde batek berreskuratu ditu eta festak indartsu datoz aurtengoan.