Betaurreko eleaniztunak museorako
Elhuyar fundazioak eta Tecnalia korporazioak betaurreko bereziak garatu dituzte museoetan baliatzeko: bisitariei paneletako testuak itzultzen dizkiete haien hizkuntzan ez badaude
Baina Antioko interpretazio zentroan prestatu duten prototipoa da produkturik berritzaileena. “Errealitatea areagotzen duten betaurreko batzuk dira. Aplikazio baten bidez, informazioa betaurrekoetan gainjartzen da panel baten aurrera iristearekin batera. Horretarako, norberak bere hizkuntza aukeratu behar izaten du hasieran”. Paneletako testua entzuteko aukera ere ematen dute. Betaurrekoak eta aplikazioa ez daude erabilgarri oraindik. “Antioko interpretazio zentroan egin genuen testa, baina oraindik ezin dira erabili”, zehaztu du Leturiak. “Garestiak dira betaurrekoak, eta Zumarragako Udalak ikusi beharko du erostea merezi duen edo ez”. Elhuyar eta Tecnaliaren asmoa da museoei eta ikastetxeei eskaintzea betaurrekoak eta haientzat egindako aplikazioa. “2.000 euro baino gehiago balio dute betaurrekoek, baina merkeagoak izango dira merkatuan zabaldu ahala”. Gainera, euskara atzean gelditu ez dadin lanean ari dira. “Hizketa-teknologiez arduratzen naiz ni”, hasi du azalpena Leturiak. “Ordenagailuak hitz egiteko eta esaten zaiena ulertzeko gai izatea da gure helburua. Google, Apple, Amazon, Microsoft… Mundu horretan sartzen ari dira guztiak”. Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia saileko ordezkariaren hitzetan, haiek euskararekiko interes handirik ez dutenez, beraiek arduratzen ari dira euskarari tokia egiteaz. “Etorkizunean hitz eginez maneiatuko ditugu tresnak, eta, enpresa handiak ez direnez arduratuko euskararen presentzia bermatzeaz, guk egin beharko dugu lan hori”. Leturiak uste du errealitatea areagotzen duten betaurrekoek ere aurrera egingo dutela poliki-poliki. “Bideo-jokoen eskutik egin dira ezagun. Aplikazio gutxi dituzte oraindik, baina bidea lantzen ari dira enpresa handiak”. Elhuyarreko ordezkariaren hitzetan, etorkizunean “asko” erabiliko dira. “Enpresa erraldoiek betaurrekoak dauzkate, aplikazioak lantzen ari dira eta merkaturatzen lehenengoak izan daitezen borrokan ari dira”. 360 graduko ikuspegia eskaintzen dute betaurreko horiek. “Eta sentsazio erreala bideo-jokoetan. Baina aplikazio asko dauzkate hezkuntzan, irisgarritasunean edo turismoan ere”.“Enpresa handiak ez direnez arduratuko euskararen presentzia bermatzeaz, guk egin beharko dugu lan hori”
“Aplikazio baten bidez, panel baten aurrera iristearekin batera, betaurrekoetan gainjartzen da informazioa”
Igor Leturia (Elhuyar fundazioko langilea)