Gastroazoka igandean eta ardo dastaketa asteartean egingo dituzte, bien bitartean ekintza gehiago daude
Aurrera doa aurtengo Ekain Kulturala Ormaiztegin. Ekintzek batak besteak baino pisu handiagorik ez izanda ere, igandean egingo duten Kulturareko Gastroazoka egonkortu da eta bada, honezkero, nabarmentzeko modukoa. Ardo dastaketak ere merezi du hari azpimarra egitea, asteartean izango da.
Gastroazokak Ormaiztegin elkarbizi diren kultura ezberdinei tokia egiteko eta esperientziak partekatzeko gune gisa sortu zuten. Partekatze hori, gainera, gastronomiaren bitartez egin ohi dute, eta nork bere herrialdeko jakiak prestatuz haiei buruzko ezagutza zabaltzen du herrian. Igandean, 12:00etatik 14:30era, Muxika egurastokian izango da; euria egiten badu, karpan.
Astearterako antolatu duten ardo dastaketa Iban Matek gidatuko du. Txartelak bost euroan salgai daude udal liburutegian. Matek Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat ardo aurkeztuko ditu. Aldi berean, Matek berak egindako pintxoak dastatu ahalko dira.
Bihar Txindata musika eskolako ikasleen kontzertua dago eliza atarian, 19:00etan; etzi, zikloturisten irteera.