20 erraldoi baino gehiago elkartuko dira bihar Urretxun
Bihar (larunbata) erraldoi topaketa egingo dute Urretxun, Iratzarri dultzainero taldearen 40. urteurrena ospatzeko. Bergara, Deustu, Ordizia, Txantrea eta Urretxuko erraldoi konpartsek parte hartuko dute. 20 erraldoi baino gehiago elkartuko dira.

Kalejira Ipeñarrieta kalean hasiko da, 11:30ean. Iparragirre plazara joango dira. Bidean bi geldialdi egingo dituzte: Zuhaiztiko etxe berriaren pareko plazan eta lizeoko patioan. Geldialdi bakoitzean dantza bana egingo dute. Iparragirre plazan, berriz, konpartsa bakoitzak dantza bat egingo du eta amaieran denek elkarrekin dantzatuko dute. Bukatzeko, Ipeñarrieta kalera itzuliko dira. Eguraldi txarra egiten badu, emanaldia Ederrena pilotalekuan egingo dute, 12:00etan.
Dultzainero taldeak beti egon dira erraldoien konpartsei lotuta eta Urretxun ere hala izan da. Azken urteetan, Urretxuko erraldoiak egun berezietan bakarrik ateratzen dira kalera. Hori dela eta, Iratzarri taldeko dultzaineroek lehen baino emanaldi gutxiago dituzte.
Baina dultzaina zaletasuna ez da apaldu. Iratzarri taldea hiru lagunekin hasi zen eta egun hamabost dira.
Urte hasieran ekin zioten biharko ekitaldia prestatzeari. Egun erraldoi konpartsek musikari ezberdinekin dantza egiten dute, baina Urretxura dultzaineroekin dantza egiten duten konpartsak gonbidatu dituzte.