Argixaoko atletismo pista berritzeko hitzarmena sinatu dute
Denis Itxaso Kultura eta Kirol departamentuko diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Argixaoko atletismo pista berritzeko hitzarmena sinatu dute. Proiektuak 274.000 euroko aurrekontua du eta aldundiak diru horren erdia jarriko
Denis Itxaso Kultura eta Kirol departamentuko diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Argixaoko atletismo pista berritzeko hitzarmena sinatu dute. Proiektuak 274.000 euroko aurrekontua du eta aldundiak diru horren erdia jarriko du.
Zumarragako atletismo pistak 400 metroko luzera eta sei kale ditu. Bere barrualdean Urola taldeak erabiltzen duen futbol zelaia dago. Bihar bertan, Musti Mujikaren oroimenezko futbol partida jokatuko dute bertan.
Estadioa 1971n eraiki zuten eta egungo atletismo pista 1994koa da. Zaharkitua dago eta erabiltzaileek denbora asko daramate berrikuntza eskatzen. Goierri Garaia klubeko atletek eta Argixaoko Atleta Herrikoiek erabiltzen dute batez ere pista hau.
Obra berehala hasiko da. Tartana kendu eta asfaltozko oinarria jarriko dute. Gainean tartan berria ipiniko dute. Bukatzeko, kaleak eta salto eremuak markatuko dituzte.
Aldundiak kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordezkatu eta lekualdatzeko planaren baitan eman dio diru laguntza hau udalari. Aldundiak ia 54 milioi inbertitu ditu eta dirua 55 herritara heldu da.
Sinadura
Itxasok eta Serranok atzo sinatu zuten Zumarragari dagokion diru laguntzaren hitzarmena, Argixaon. Zumarragako alkateak eskerrak eman zizkion aldundiari kirolaren alde egindako apustuagatik. Obra iraila hasieran bukatuko dela esan zuen.
Itxasok, berriz, Zumarragako eta Urretxuko atletismo zaletasuna goraipatu zuen. «Hemen grina eta tradizio handia dago. Erabiltzaile asko daude eta hori kontuan izan dugu diru laguntza emateko orduan».