San Joan Eguna ospatu dute Seguran
San Joan jaietako egunik esanguratsuena dute. Besteak beste, bertsolariez, abesbatzaz, herri kirolez gozatzeko aukera izan dute bertan
Herriko jaietako egunik garrantzitsuena da ekainaren 24a segurarrentzat, San Joan eguna. Egitarau oparoa antolatu dute herritarrek jaiez gozatu ahal izateko. Goizeresiarekin hasi dute eguna Kriseilu Txistulari taldearekin, eta ondoren, San Joan irudiarekin prozesioa eta meza nagusia egin dituzte. 12:00etan, bertsolarien txanda izan da, Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok saioa eskaini baitute Arabarren Plazan. Hauen ostean, herriko abesbatzak emanaldia eskaini du, eta hamaiketakoa egin dute ondoren.
13:00etan berriz, kirolari pasa diote lekukoa. Lehenik, herriko kirolari txapeldunei omenaldia egin diete, garaikurrak banatuz, eta ondoren, herri kirolen erakustaldia egin dute Iker Vicente, Irati Astondoa, Iñaki Azurmendi eta Maika Aristegik aizkoran, eta Idoia Etxeberria eta Joseba Ostolazak harri jasotzen.
17:30ean ekingo diote berriro jaiari, buru handi eta gizaundiekin, eta ondoren pilota partidak jokatuko dituzte, 18:00etan, Baratze politalekuan. Bertan, lau terdian Gorka eta Peña II lehiatuko dira, eta binaka berriz, Olaizola II eta Imaz, Arteaga II eta Albisuren aurka. Iluntzean, ”Ez da kasualitatea” bertso saio musiktatua egingo dute, eta eguna amaitzeko Gabezin musika taldeak emanaldia eskainiko du.
Bihar, azken eguna
Bihar amaituko dira San Joan Jaiak segurarrentzat, baina oraindik badago zertaz gozatu. Jubilatuen eta umeen eguna izango da biharkoa, eta beraz, haiek izango dira protagonista. Haurrentzat jokoak eta jubilatuentzat toka, igela eta bote jokoak egingo dituzte goizean, herriko plazan. Ondoren, 12:00etatik aurrera, Kirkil txaranga arituko da herria girotzen, eta toka eta bola txapelketa herrikoia jokatuko dituzte, adin guztietako pertsonek kasu honetan.
13:00etan, txakolin dastaketa eta sardina jana egingo dituzte, eta 14:00etan berriz, haurren bazkaria izango da Frontoi Zaharrean. Gipuzkoako jubenil mailako txirrindulari itzuliaren amaiera eta haurren danborrada izango dira arratsaldean. Gauean berriz, herri afari elegantea eta Zopa pertzarekin kalejira egingo dituzte. Zopa pertzaren igoera eta agurrarekin itxiko dituzte aurtengo San Joan jaiak.