Gipuzkoako Azkartasun Sega Txapelketan parte hartu duten hamabi segalariak. Esnaola, beltzez eta txapelarekin // Tolosaldeko Ataria
Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean, Zizurkilen. Hamaika segalari aritu ziren lehian, eta bakoitzak 100 metro karratuko belar saila moztu behar zuen. Hiru taldetan banatuta aritu ziren lehen fasean; Igor Esnaola legorretarra bere taldeko onena izan zen, 2.17ko denborarekin, Jokin Etxeberriari, Joakin Garmendiari eta Peio Argaiari aurrea hartuta.
Lau onenak pasa ziren finalera, eta horien artean zen Esnaola ere. Lehen zatiko denborak ikusita, Julen Gabirondoren (2.13) eta Igor Esnaolaren (2.17) artean zegoen lehiarik handiena. Finalean ere, 100na metro koadroko saila egin behar izan zuten. Saio parekatua izan zen, eta bukaera ere, estua eta ikusgarria. Biek batera jaso zuten eskua; biek ere 2.05eko denbora egin zuten. Penalizazioek erabaki zuten txapela, ordea. Esnaola txukunago aritu zen, eta 5 segunduko zigorra jaso zuen; Gabirondok berriz, 25 segundukoa.
Azken sailkapena
1. Igor Esnaola ………………………. 4.27
2. Julen Gabirondo ………………… 4.43
3. Iñigo Mercader ………………….. 5.29
4. Suharri Irazustabarrena ……… 5.48
5. Peio Argaia ………………………… 2.44
6. Mikel Lizartza ……………………. 2.48
7. Jon Otegi …………………………… 2.56
8. Iban Pardo ………………………… 3.01
9. Jokin Etxeberria ………………… 3.11
10. Jexuxmari Ormaetxea ‘Urki’ . 3.14
11. Joakin Garmendia …………….. 6.30