Berrikuntzekin dator Ordizia Rugby Elkartearen Garagardo Festa
Ordizia Rugby Elkarteak antolatzen duen Garagardo Festak 19. urtea beteko du aurten. Ostegun arratsaldean hasita, 22 garagardo mota ezberdin probatzeko aukera izango da. Aurten hainbat berrikuntza dakartza festa horrek, gainera; otorduen aukera zabalagoa izango da, eta zuzeneko musika saioa ere izango dute. Ostegunetik igandera, egunero zabalduko dute azoka, 18:00etatik 00:00etara, Beti Alai pilotalekuan.
Garagardoetarako, Heineken etxeak eskainitako 22 garagardo mota ezberdin eskainiko dituzte, Euskal Herrian, Herbehereetan, Alemanian, Irlandan, Australian eta Espainian egindakoak. Horietatik hamar horiak izango dira, bi txuri, bi orri, hiru ilun, bi beltz, zeliakoentzako garagardoa eta alkoholik gabea; Holandatik datorren sagar ukituko garagardo berria probatzeko aukera ere izango da Ordizian. Garagardo gehienen prezioa 4 eurokoa izango da, eta bereziena 4,5 eurokoa. Freskagarriak eta ura ere emango dituzte.
Otorduei dagokionean, paella erraldoia egingo dute igandean, eta jaki begetarianoak ere izango dira. Baque Kafeak bere postua jarriko du aurten ere. Eta aurtengo berrikuntza nagusia, Lumagorri produktuena izango da, bertako oilaskoak eta hanburgesak eskainiko baitituzte. Ohiko menuak berriz, 30 euro balioko du; prezio horretan, ukondoa, saltxitxak, patata puera, postrea, garagardoak eta kafea sartzen dira. Igandeko paellarako menuak berriz, 13 euro balioko du.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat, zuzeneko musikarena izango da. Izan ere, Chris Ruest blues musikaria bere bandarekin etorriko da Ordiziara. Ordiziarrock ekimenaren laguntzarekin lotu dute kontzertua. Larunbat gauean izango da, 23:00etatik aurrera, frontoi txikian.
Klubeko produktuak eta bazkidetza kanpaina
Azokarekin batera, klubak mahaia jarriko du, bere produktuekin. Hala, kamisetak, banderak, bufandak, baloiak eta beste hainbat produktu izango dituzte salgai, horietako batzuk, ohikoa baino prezio merkeagoan.
Datorren denboraldiari begira klubaren bazkide egin edo bazkidetza berritzeko kanpaina ere martxan da. Eta azokan jarriko duten mahaian izango da apuntatzeko aukera. Abonu orokorraren prezioa 90 eurokoa izango da; bazkidetza (sarrerarik gabe) 20 eurokoa ikasle eta langabetuentzat; bazkide laguntzailea 40 euro (sarreren erdia ordaintzen da) eta jubilatuena 50 euro.