Euskaraldia bultzatuko duen hamaikakoa aurkeztu dute Zaldibian
Alamartxo Gauarekin batera, Euskaraldia egitasmoa eta berau bultzatuko duen taldea aurkeztu dituzte Zaldibian. Euskaraldia, azarotik abendura bitartean, Euskal Herri osoan egingo den egitasmoa da, eta 11 egun euskaraz bizitzea du helburu. Aurkezpenean, Euskaraldia bultzatuko duen hamaikakoa aurkeztu dute; tartean dira Migel Mari Irastortza eta Patxi Aierbe Koli alkate ohiak, Joxean Etxabe egungo alkatea, kanpotik Zaldibiara bizitzera etorritako Maerose Palma, Garbiñe Ibañez eta Reyes Sola, eta beste hainbat herritar.
Zaldibia “euskararen arnasgune” dela gogorarazi zuten ekitaldian; azken datuen arabera, herritarren %88k euskaraz ulertzen dute, eta “erabilera ere parekoa” dela azaldu dute. Baina “Zaldibian ere zer hobetua” badagoela uste dute. Euskararen normalizazioa lortuko bada, “Zaldibia bezalako herriei esker” izango dela uste dute, eta bide horretan, eta horregatik, zaldibarrei “itzain eta akuilu” izatea dagokiela.