XVII. Santa Lutzia junior mailako txirrindularitza saria jokatuko da ekainaren 30ean
Ezkioko auzo bakoitzak bere jaiak ospatzen ditu eta etzi, San Pedro egunarekin batera, Santa Lutzi auzokoen txanda da. Festen egitaraua ostiralean hasi eta larunbatean amaituko da. Auzotarrentzat hainbat ekintza antolatu dituzte, baita Santa Lutzia txirrindulari probaren XVII. ekitaldia ere.
Ostiralean meza nagusiak hasiera emango die jaiei, 11:00etan. Ondoren Gabiriako Goruntz taldeak dantza saioa eskainiko du 12:00etan. Jarraian, auzotarrentzat mokadutxoa egongo da eta jaiek etena izango dute arratsaldera arte. 17:30ean ume jolasak egingo dituzte eta 18:30ean txokolate-jana. 19:00etan pintxo poteoa izango da eta futbolin txapelketa ere bai. 21:00etan mus txapelketa egingo dute eta 22:00etan Trikuarri taldeak kontzertua eskainiko du.
Txirrindu proba
Larunbatean, 12:00etan, patata tortilla lehiaketa izango da. Arratsaldeko ekitaldiei Santa Lutzia Sariak emango die hasiera. Txirrindularitza probaren XVII. ekitaldia da. Ezkion Martxan Kirol Klubak antolatzen du. Junior mailako txirrindulariak 16:00etan aterako dira, eta 83,7 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Bidean Eitzagako, Atagoitiko eta Gabiriako gainak igo beharko dituzte. Sailkapen orokorraz gain, mendiko onena ere sarituko dute.
Ibilbidean, Ezkiotik atera, eta Ormaiztegira jaitsiko dira, Ezkiora berriro igo eta Zumarragara egingo dute Eitzagatik, Urretxutik Legazpira joango dira, eta berriz ere Ormaiztegira, handik Atagoitira igotzeko. Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Eitzagatik behera egingo dute Gabiriaraino. Gabiriako gaina igo, Ormaiztegira iritsi, eta Ezkion helmuga izango dute Igartubeitira doan errepidean. Iritsiera 18:05 inguruan aurreikusi dute.
Puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat 17:15ean, 19:00etan toka eta futbolin txapelketen finalak jokatuko dira eta 21:00etan herri afaria izango da.