Transexualitatearen errealitatea bistaraziko dute bihar Lazkaon
Transexualitatearen inguruko zalantzak, iluntasunak eta errealitatea erakusten dituen Trans-formatzen dokumentala emango dute bihar Lazkaon. Arerian izango da emankizuna, 19:00etan hasita. Ekaitz Goikoetxea, Aitor Lanas eta Garazi Zabaleta beasaindarrek osatutako HiKiru taldeak ekoitzi du.
Nazioartean ospatuko den LGTBI kolektiboaren egunaren harira antolatu du udalak emanaldia. Transexualitatearen arloari jarri diote aurten arretarik handiena. San Benito ikastolan ere landu dute gaia, eta ikasleek aurrez ikusia dute Trans-formatzen dokumentala.
Generoak hankaz gora
Gizon eta emakume, neska eta mutil definizio «klasikoak, tradizionalak eta konbentzionalak» hautsi nahi ditu ikuskariak. «Askatasunaren, dibertsitatearen eta giza duintasunaren aldarrikapena da, eta biologiaren, sentikeraren eta gizarte inertzien arteko tentsioa agerian uzten ditu. Beti ere, desberdintasunak errespetatzeko betebeharra eta trans errealitatearen aniztasuna ulertzeko eta apreziatzeko erronkak plazaratzen ditu», diote egileek. Lazkaoko Berdintasun Planaren barruan sartu dute saioa.