Uda: eguzkia, mendia, hondartza… eta kirola
Kostata, baina heldu da uda azkenean. Eguzkia gure artean da dagoeneko eta asteburuan inor gutxi gelditu da etxean. Izan ere, eguzkiak mendiaz eta hondartzaz gozatzeko aukera ematen du. Baita kirolaz
Kostata, baina heldu da uda azkenean. Eguzkia gure artean da dagoeneko eta asteburuan inor gutxi gelditu da etxean. Izan ere, eguzkiak mendiaz eta hondartzaz gozatzeko aukera ematen du. Baita kirolaz eta gure herrietako txokoez ere. Hala, Salto enpresak aire libreko entrenamenduak antolatu ditu aurten ere.
Entrenamenduak uztailaren 3tik 29ra izango dira. Parte hartzaileek hilabete osoa edo erdia egiteko aukera izango dute. Astean bi saio edukiko dituzte: astelehen eta asteazkenean edo astearte eta ostegunean. Hiru ordutegi egongo dira aukeran: 09:00etatik 10:00etara, 20:00etatik 21:00etara eta 21:30etik 22:30era.
Hilabete osorako izena ematen dutenek, 96 euro ordainduko dute: 12 euro saioko. Bi asterako izena ematen dutenek, berriz, 60 euro ordainduko dute: 15 euro saioko. Parte hartzaileek opariak jasoko dituzte eta Salto enpresako bezeroek eta Ispilla kiroldegiko bazkideek deskontuak izango dituzte. Lekuak mugatuak dira. Ostirala da izena emateko azken eguna. Horretarako, 688 608 435 eta 688 608 509 telefono zenbakietara deitu daiteke, Urretxuko eta Zumarragako kiroldegietara jo edo Infinit Fitness gimnasiora.
Mikel Serrano alkateak eta Salto enpresako Jurgi Fernandezek eta Unai Jorgek prentsaurrekoa eman zuten egitasmoa aurkezteko. Alkateak bizilagunak parte hartzera animatu zituen. «Iazko emaitzak ikusita, berriro antolatzea erabaki dute. Helburua ariketa fisikoa bultzatzea eta eremu publiko irekiak erabiltzea da. Jurgi eta Unai herriko bi ekintzaile dira. Enpresa haztegian lan egiten dute. Herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditut».
Fernandezek Urretxuko eta Zumarragako udalei eskerrak eman zizkien eskaintzen dieten laguntzagatik. Berak ere herritarrak parte hartzera animatu zituen. «Kalean, aire librean, ingurune naturaletan… kirola egitako aukera bikaina da. Zuma- rragako plazan, Antion, trintxeran, lizeoan eta Santa Barbaran arituko gara, besteak beste. Egunen batean eguraldi txarra egiten badu, Beloki pilotalekura joango gara».
Aste bakoitzean ariketa mota ezberdin bat landuko dute. Lehen astean autokargak landuko dituzte, bigarrenean ariketa ezegonkorrak, hirugarrenean talde lana eta laugarrenean HIIT entrenamenduak.
Jorgek eman zuen ariketa horien berri. «Autokargak gorputzaren pisua eta hiri altzariak erabiliz egin daitezkeen ariketak dira. Ezegonkortasunaz baliatuz egiten diren ariketetan, berriz, abdominalak, gerrialdea eta ipurmasaila lantzen dira. Hirugarren astean talde jolasak egingo ditugu eta laugarrenean, intentsitate altuko entrenamenduak».