Aintzane Oiarbide Foru Diputatua eta Jose Migel Santamaria alkateak bisita egin dute eremua nola gelditu den ikusteko. Herritarrek aukeratu dute noranzkoa
Ordiziako San Bartolome kaleko urbanizazioa eta auzoko zirkulazioa berrantolatzeko obra amaitu dute, eta oinezko eta ibilgailuentzat irekita dago eremua pasa den astetik. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak onartu zuen 2016ko ekainean. Aintzane Oiarbide, arloko foru diputatua, Ordizian izan zen pasa den ostiralean, obraren emaitza ikusteko Jose Miguel Santamaria alkatearekin batera.
Alkateak adierazi zuenez, «egitasmoa, udaleko osoko bilkuran 2017ko hasieran aurkeztu eta oposizioak hiru aldiz atzera bota eta gero onartu» zen. Azkenean, Foru Aldundiak 280.000 eurorekin lagundutako obra iazko abenduan hasi zen eta hilabete honetan amaitu dira lanak, «aurreikusita baino sei aste beranduago, egin duen euriak atzeratuta», argitu zuen Santamariak.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu zuenez, «N-1eko sarrera-irteera nabarmen hobetu da. San Bartolome kalea norabide bakarreko bilakatu denean espaloiak zabaltzeko aukera eman du.Merkatal zentroa bertan dagoenez oinezko asko ibiltzen da zonaldean eta horiek segurtasunean asko irabazi dute. Gainera, Goierri Eskola eta tren geltokiaren arteko ibilbidea erraztu da ingurunearen berrantolamenduari esker.»
Bi noranzko nahiago
Otsailean, N-1 errepidearen eta Eroski merkatal gunearen artean ireki den sarbide berria amaitua zegoen. Azken hilabeteetan burutu da San Bartolome kaleko urbanizazioa eta Ordiziako erdigunera sartzeko aukera itxita egon da denbora horretan. Bitarte horretan parte-hartze prozesu bat egin da herritarren artean obra amaitu eta gero trafikoa nola moldatu erabakitzeko.
Hala, 403 herritarren erantzunak jaso zituen udalak. «Egindako galdeketan bi noranzkoak mantentzearen alde agertu ziren iritzia eman zuten 320 herritarrak» argitu zuen Santamariak. Horregatik «gehiengoak esandakoaren baitan antolatu da ireki berri den eremua», gehitu zuen.
Hori horrela, hemendik aurrera ere Ordiziara sartu eta handik irteteko ere, San Bartolomeko sarbidea erabili ahalko dute ibilgailuek.
Aurreko agintaldian hasitako lana dela esan du EH Bilduk
Aurreko agintaldian, 2013an hain zuzen ere, ordiziarren irisgarritasun eta mugikortasun arazoak konpontzeko, Ordiziako lehenengo Mugikortasun Iraunkorreko Plana onartu zuen udalak. Plana jendaurrean aurkeztu zen eta Barrena jauregian ikusgai egon zen. Herritarrek, herrian burutu beharreko ekintzak lehenesteko galdetegia bete ahal izan zuten gainera. Horrez gain, Agenda 21eko foroan ere aurkeztu eta eztabaidatu zen gaia.
Orain, San Bartolomeko berrantolaketa egin berritan, «garai hartako PSE-EE eta EAJren oposizioaren aldetik inongo ekarpenik egin ez» zela gogorarazi du Ordiziako EH Bilduk. Gainera, «lan horiek izan dituzten atzerapen eta moldaketak ahaztu ezin» direla ere esan dute. Ordiziako Udalak, Aldundiak jarritako dirua 2017ko urtarrilaren 1etik prest izan arren, 266.186,42 euro hain zuzen ere, 2017ko abenduaren 11ra arte erabili ez» zuela esan du EH Bilduk.
Gainera, «udalak, diru partida osoa erabili beharrean, soilik 159.711,85 euro erabili» dituela salatu du orain oposizioan dagoen alderdiak. «Beste guztia, 106.474,57 euro. Aldundiak berak onartu duen moduan, ‘beste inolako jarduketarik finantzatzeko’ ez zen erabili» EH Bilduk adierazi duenez. Horregatik «obrak behar bezala bukatu ahal izateko, 2017ko aurrekontuetan beste partida bat sortu behar izan du Aldundiak, kasu honetan, 150.000 eurokoa, Aldundiaren aurrekontuen partidak urte batetik bestera prorrogatu ezin direlako».
Edozein modutan ere «pozgarria da guk geuk sustatu genuen egitasmo bat burututa ikustea» nabarmendu du EH Bilduk.