Talde ekologistek Enirio-Igaratza pistaren proiektua bertan behera uzteko eskatu diote aldundiari
Gipuzkoako bost natur taldek berriro eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari bertan behera utz dezala Enirio eta Igaratza arteko pista eraikitzeko proiektua. Mendi Zuzendaritzak “Igaratzako txaboletarako mendi bidearen egokitzapena” izeneko proiektua aurkeztu du berriki, baina natur taldeen ustez, proiektu hori “iaz aurkeztutakoaren oso antzekoa” da, eta Ingurumen Departamenduak proiektu haren ingurumen ebaluazio inpaktua ez zuela onartu gogorarazi dute.
Arkamurka, Itsas Enara, Eguzki, Landarlan eta Mutriko ekologista eta natur taldeek egin dute deialdia, Naturkon kolektiboaren babespean. Enirio-Igaratzako pisten proiektuan, “kalteak onurak baino gehiago” izango direla uste dute. Haien ustez, “pisten proiektu berria ez da beharrezkoa” ez Aralarren kontserbaziorako, eta ez larreen babeserako. Izan ere, “Aralarko larreetan orain dela 20 urte baino % 20 ganadu gehiago” dabilela diote talde horiek.
Naturkon osatzen duten taldeen ustetan, pisten proiektu horrek ez du “Aralar Natur Parkearen Ordenazio plana betetzen”. Gainera, “babestutako espezieak eta habitatak” suntsituko dituela diote, horien artean 5 hagin eta 16 gorosti. Lareoko urtegira ura eramaten duten erreka bat ere kaltetuko duela azaldu dute.
Azkenik, proiektu horren inguruko erabakiak hartzerako garaian, “herritar askoren hitza baztertu” egin dela salatu dute talde ekologistek, mendizaleak, kontserbazionistak eta zientzialariak esaterako. Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak bere azken txostenean esandakoarekin bat eginez, Larreen Ordenaziorako Plan bat egin bitartean, “pista berrien eraikuntzari buruzko erabakiak atzeratu” egin beharko liratekeela uste dute.